Arreta bihurtu da XXI. mendeko baliabiderik preziatuenetako bat. Plataforma digitalek, sare sozialek eta eduki azkarrek lehia etengabean jartzen dute erabiltzaileen denbora eta kontzentrazioa. Baina fenomeno horrek badu dimentsio bereziki kezkagarri bat: haurrengan eta nerabeengan duen eragina. Garapen betean dauden burmuinek nola jasotzen dute etengabeko estimulu zaparrada? Eta zer ondorio ditu epe laburrean eta luzera begira?
Ikusi gehiago
Adituek diotenez, ondorioak gero eta argiagoak dira haurren eta nerabeen garapen kognitibo, emozional eta sozialean. Begoña Huete neuropediatra eta Aitor Aritzea EHUko irakasle eta psikologoa bat datoz: teknologia berriek gizartea errotik aldatu dute, eta haurren garapena —eta arreta— baldintzatzen ari da.
Baina adingabeen arreta krisi bat da, ala ingurune digitalak anplifikatutako pertzepzioa? «Ziurrenik bi gauzan arteko nahasketa bat da», zehaztu du Huartek. «Alde batetik, kontsultetan gero eta gehiago artatzen ditugu arreta zailtasunak dituzten haurrak, baina, bestetik, ingurunea bera ere aldatu egin da». Eta ingurune horretan, estimuluak azkarrak, etengabeak eta intentsitate handikoak dira, batez ere pantailen bitartez iristen direnak. Ondorioak begi bistakoak dira, adituak dioenez: adingabeek gero eta zailtasun handiagoa dute adi egoteko. «Gero eta zailagoa zaie lasaitasuna, esfortzua eta itxaronaldia eskatzen duten egoeretan arretari eustea».
«Burmuinaren egitura eraikitzen ari denean oinarriak baldintzatzen badituzu, etorkizunean askoz zailagoa izango da aldaketa egitea»
BEGOÑA HUETE Neuropediatra
Aritzetak ere ideia berean jarri du azpimarra; dioenez, ebidentzia zientifikoek erakusten dute «arreta iraunkorrari» eusteko gaitasun urria dutela adingabeek, eta harreman zuzena dagoela pantaila aurrean igarotzen den denboraren eta arreta mota horren galeraren artean. «Zenbat eta pantaila ordu gehiago, orduan eta okerrago eusten zaio arreta iraunkorrari».
Gaur egungo gazteek gaitasun handiagoa dute estimulu batetik bestera azkar jauzi egiteko —multitasking deitzen zaio—, baina EHUko irakasleak ohartarazi du neurologikoki ezinezkoa dela hori egitea: «Gure burmuinak egiten duena da lan batetik bestera salto egitea, task switching deitzen zaio, eta aldaketa bakoitzak kostu kognitibo handia dauka». Ondorioak ez dira nolanahikoak: akats gehiago, sakontasun txikiagoa eta informazioa barneratzeko zailtasun handiagoak dituzte gazteek.
Izan ere, arreta iraunkorraren galerak ondorio zuzenak ditu ikaskuntza prozesuan. Aritzetaren arabera, lan memoria azkarrago betetzen da, eta ikasketa sakona zailagoa bilakatzen. Horrek esan nahi du ikasleak informazioa azkar kontsumitzeko gai direla, baina ez dutela behar bezala barneratzen: «Titularrak hartzen dituzte gogoan, baina ezagutza ez bada barneratzen, gero ezin izango dute bizitza errealera transferitu». Hau da, pentsamendu kritikoa, arazo konplexuen soluzioa eta sormena bera kaltetu egiten dira, adituak gehitu duenez.
Aldagai horiek denek hezkuntza sisteman duten eraginaz ere gogoetatu du Aritzetak. Azaldu duenez, ezagutza gero eta abstraktuagoa eta konplexuagoa denean, arreta iraunkor handiagoa behar da, baina adingabeen gaitasunak kontrako norabidean ari dira eboluzionatzen: «Talka zuzena dago, eta, horregatik, gero eta eskola porrot gehiago dago».
«Titularrak hartzen dituzte gogoan, baina ezagutza ez bada barneratzen, gero ezin izango dute bizitza errealera transferitu»
AITOR ARITZETA EHUko irakaslea eta psikologoa
Pantailen eta teknologia berrien eraginik handiena etapa goiztiarrean gertatzen dela diote bi adituek. Huetek azpimarratu duenez, lehen urteetan haurren burmuinak esperientzia sentsorial aberatsak eta giza interakzio zuzena behar ditu, baina pantailen erabilera goiztiarrak —bereziki bi urtetik beherakoetan— prozesu hori desitxuratu dezake. «Pantailak oso erakargarriak dira, baina kognitiboki eta sozialki sinpleagoak», dio.
Arretari dagokionez ere, ondorioak argiak dira oso: arreta iraunkorraren eta autorregulazioaren garapena oztopatzen dute. Bi gaitasun horiek ez dira automatikoki agertzen, eraiki egiten dira, jolasean, harremanetan eta esperientzia errealetan, eta egitura neurologikoarekin lotuta daude: «Burmuinaren egitura eraikitzen ari denean oinarriak baldintzatzen badituzu, etorkizunean askoz zailagoa izango da aldaketa egitea».
Mendekotasun mekanismoak
Pantailen diseinuak berak mekanismo neurobiologiko jakin batzuk aktibatzen ditu; Huetek azaldu duenez, estimulu azkar eta aldakorrek sari sistemak aktibatzen dituzte, eta berehalako saria lortzera bultzatzen dute. Ondorioz, jarduera «motelagoekiko tolerantzia» gutxitzen da, hau da, irakurtzea, pentsatzea, itxarotea eta antzeko jarduerak gero eta zailagoak bilakatzen dira.
Sare sozialen dinamika horren adibide garbia da, Aritzetaren hitzetan: «Like batek sari azkar bat ematen du, eta lortzen ez denean hutsune sentsazioa sortzen da». Horrek ziklo emozional bat eragiten du, eta ondorio psikologikoak utzi, ohartarazi duenez. Identitatea kanpoko balidazioaren menpe eraikitzen hasten denean, berarekin batera dator konparazio sozial etengabea egitea, askotan errealitate distortsionatu batean oinarrituta egoten dena. «Autoestimua oso baldintzatuta geratzen da sareetan agertzen den errealitatearekin», erantsi du EHUko irakasleak.
«Haurtzaroko arreta babestea, funtsean, zera da: etorkizunean ikasteko, pentsatzeko eta munduan egoteko gaitasuna babestea»
BEGOÑA HUETE Neuropediatra
Teknologiek komunikazioa errazten duten arren, aurrez aurreko interakzioak eta harreman pertsonalen kalitatea kolokan jartzen dituzte, adituek uste dutenez. Gazte askok nahiago dute etxean geratu pantailaren aurrean, lagunekin fisikoki elkartu baino, eta, horrek bestelako ondorio sotilagoak ere ekartzen ditu, adibidez, ahozkoa ez den komunikazioan. «Begirada, ahots tonua, keinuak... gero eta zailagoa da horiek interpretatzea», ohartarazi du Aritzetak. Emaitza: komunikazio azkarragoa dute, baina «sakontasun txikiagokoa».
Fisiologikoki ere, hainbat ikerketak erakutsi dute pantailen erabilerak eragina duela enpatiari eta harreman sozialari lotutako burmuin eremuetan, EHUko irakasleak esplikatu duenez: «Hipoaktibazio bat gertatzen da, eta konexio neuronal gutxiago garatzen dira».
Pantailen gehiegizko erabilerak sortzen dituen sintomak sarri arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduarekin (ADHN) nahasten dira, baina ez dira gauza bera. Huete: «ADHN oinarri neurobiologikoa duen nahasmendua da, eta pantailen ondoriozko arazoak, berriz, ingurunearekin lotutako alterazio funtzionalak dira». Eta bien arteko aldea zera da: «Teknologia berrietan, ohiturak aldatzean sintomak nabarmen aldatzen dira, ADHNn ez bezala».
Heziketa da erronka
Arretaren ekonomiak helduak harrapatu ditu lehenik, baina haurrak eta gazteak dira ondorioak pairatzen ari diren laborategi isila. Eta, beraz, eztabaida mahai gainean da: debekatu, arautu ala hezi? Ez dago bide bat eta bakarra.
Hainbat herrialdetan neurri zorrotzak ari dira hartzen eskoletan pantailen erabilera mugatzeko edo zuzenean debekatzeko, eta bide horrekin bat egiten du Aritzetak, uste duelako ez dela beharrezkoa ume bakoitzak pantaila bat izatea eskolan. Hala ere, haren iritziz, neurri murriztaileak, berez, ez dira aski; heziketa behar da, eta eskolak norabidea zehaztu dezake.
«Like batek sari azkar bat ematen du, eta lortzen ez denean hutsune sentsazioa sortzen da»
AITOR ARITZETA EHUko irakaslea eta psikologoa
Aditu bien arabera, gakoa ez da teknologia demonizatzea, «oreka» berreskuratzea baizik. Huetek katastrofismoa alboratzearen alde egin du, baina kontzientzia hartzea eta prebentzioan indarra jartzea eskatu: «Haurtzaroko arreta babestea, funtsean, zera da: etorkizunean ikasteko, pentsatzeko eta munduan egoteko gaitasuna babestea».