EHUko irakasle eta ikerlaria

Juan Manuel Matxinbarrena: «Sare sozialen erabilera intentsiboak ez du zertan kalterik ekarri»

EHUko ikerlariak uste du sare sozialek aukerak eta arriskuak dituztela, eta gakoa dela erabilera «osasungarria eta kontzientea» izatea. Internet emozio guztiak kudeatzeko tresna bakarra denean bilakatzen da arazo, Matxinbarrenaren ustez.

Juan Manuel Matxinbarrena. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
edurne begiristain
2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Manuel Matxinbarrena (Donostia, 1988) EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikerlaria da, eta haur eta nerabeek Interneten dituzten arriskuetan aditua. Besteren artean, sare sozialen erabilera problematikoa eta teknologiaren gehiegizko erabilerak osasun mentalean duen eragina ikertu ditu, eta argi dio: sare sozialen erabilera intentsiboa ez da automatikoki arazo bat, eta erabilera intentsiboa eta problematikoa bereizi behar dira. Haren ustez, pantailen aurrean emandako denborari ez ezik, erabiltzailearen eguneroko bizitzan, emozioetan eta harremanetan duen eraginari ere erreparatu behar zaio.

Zergatik diozu sare sozialen erabilera handia ez dela berez adikzioa?

Ez da gauza bera erabilera handia eta erabilera patologikoa. Gaur egun, gazteen sozializazioaren, aisialdiaren eta identitatearen zati handi bat ingurune digitalean gertatzen da, eta horregatik normala izan daiteke horretan denbora asko ematea. Adikzio hitza erabiltzeko, ez da nahikoa ordu asko esatea. Begiratu behar dugu ea erabiltzaileak kontrola galtzen duen, erabilerak ondorio negatibo esanguratsuak dituen, eguneroko bizitzako beste arloak hondatzen diren edota pertsona horrek sare sozialak erabiltzen jarraitzen duen nahiz eta kalte nabarmenak ikusi. Arazoa ez da soilik zenbat, baizik eta nola, zertarako eta zer ondoriorekin erabiltzen diren sare sozialak. Adikzio hitza termino kliniko bat da, eta erabiltzeko baldintza batzuk bete behar dira, bestela eguneroko jokabide arruntak patologizatzeko arriskua dago. Erabilera oro ez da patologikoa.

Zein da erabilera intentsiboaren eta problematikoaren benetako aldea?

Erabilera intentsiboak ez du zertan kalterik ekarri. Baliteke nerabe batek sare sozialak asko erabiltzea lagunekin hitz egiteko edo entretenitzeko eta aldi berean ondo moldatzea eskolan eta familian. Erabilera problematikoa denean, ordea, kontrolatzeko zailtasunak, erabilera murrizteko alferreko saiakerak eta loaren edo ikasketen narriadura gertatzen dira, eta erabiltzaileak antsietatea edota emozio txarrak saihesteko erabiltzen ditu sare sozialak. Galdera ez da «Zenbat ordu ematen ditu?», baizik eta: «Zer galtzen ari da?» edo «Zer gertatzen zaio ezin duenean erabili?».

Dependentziaz hitz egiteko, Interneten ematen den denbora da kontuan hartu beharreko aldagai bakarra?

Ez, denbora ez da aldagai bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Bi gaztek lau ordu eman ditzakete pantailaren aurrean egoera psikologiko oso desberdinetan. Kontuan hartu behar dira kontrolaren galera, Internet erabiltzeari uzteko ezintasuna, gatazkak, loaren kalitatea, errendimendu akademikoa, familia harremanak, aurrez aurreko harremanen murrizketa edota erabilera emozioak erregulatzeko modu nagusi bihurtzen ote den. Testuingurua ere funtsezkoa da. Ez da gauza bera sare sozialak modu aktibo eta sozialki aberasgarrian erabiltzea, eta konparazio sozial pasiborako erabiltzea etengabe, bakardadean edo antsietateak jota.

«Ez da gauza bera sare sozialak modu aktibo eta sozialki aberasgarrian erabiltzea, eta konparazio sozial pasiborako erabiltzea etengabe, bakardadean edo antsietateak jota»

Gehiegizko alarma al dago gai honen inguruan? 

Alarma badago, eta zentzukoa iruditzen zait, sare sozialen erabilerak arriskuak dituelako: ziberjazarpena, konparazio soziala, gorputz irudiaren gaineko presioa, loaren narriadura eta erabilera konpultsiboa. Baina gazteen erabilera digital guztia mehatxu moduan aurkeztea ere baditu ondorioak. Familietan beldurra eta errua sortzen ditu, eta gazteengan defentsa jarrera. Ez dugu demonizatu behar, ezta idealizatu ere. Ikuspegi errealista behar dugu: sare sozialek aukera batzuk eskaintzen dituzte, baina badituzte arrisku batzuk ere, eta gakoa da erabilera osasungarriagoa eta kontzienteagoa izatea. 

Noiz bihurtzen da erabilera benetan kezkagarria?

Kezkagarria bihurtzen da erabilerak gaztearen bizitzako beste arlo batzuk kaltetzen dituenean: lo gutxiago egiten badu, ikasketetan nabarmen jaisten bada, familian gatazkak sortzen badira edo aurrez aurreko harremanak murrizten badira. Beste seinale garrantzitsu bat da sare sozialak emozio txarrak kudeatzeko tresna nagusi bihurtzea. Gaztea triste, urduri edo haserre dagoenean ia automatikoki sare sozialetara jotzen badu, eta horrek epe luzera egoera okertzen badu, arreta jarri behar da. Sare sozialak noizean behin distraitzeko erabiltzea normala da, baina emozio guztiak kudeatzeko tresna bakarra bihurtzen badira, kontuz.

«Lehen, orria amaitzen zenean, programa amaitzen zen. Orain ez dago amaierarik. Diseinu horiek ez dira ausazkoak, pertsuasiorako eginak dira, arreta harrapatzeko arkitektura bat»

Plataforma digitalen negozio ereduak gero eta gehiago oinarritzen dira gure denboran. Gogoetarik?

Arretaren ekonomiaren kontzeptua oso garrantzitsua da, fokua ez duelako soilik erabiltzailearengan jartzen. Ezin dugu ahaztu ingurune digitala ez dela neutroa. Plataforma askoren negozio eredua gure arreta ahalik eta denbora gehien mantentzean oinarritzen da: zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta datu gehiago eta errentagarritasun handiagoa. Ingurune oso sofistikatu baten aurrean gaude, portaera mantentzeko diseinatua. Horrek ez du esan nahi erabiltzaileek erantzukizunik ez dutenik, baina hein batean erantzukizuna biena da.

Erabiltzailearen ahultasun kognitiboetan oinarritutako arkitektura bat da?

Scroll infinituak eten naturalik gabeko esperientzia sortzen du; lehen, orria amaitzen zenean, programa amaitzen zen. Orain ez dago amaierarik. Diseinu horiek ez dira ausazkoak, pertsuasiorako eginak dira, arreta harrapatzeko arkitektura bat. Gizakiaren ahultasun kognitiboez baliatzen dira: berritasunen aldeko joera, sari aldakorrekiko sentikortasuna, onarpen sozialaren beharra edota FOMO delakoa, zerbaitetara huts egiteko beldurra. Eta hau bereziki garrantzitsua da haur eta nerabeen artean, beren burua erregulatzeko gaitasunak garatzen ari direlako oraindik eta bereziki zaurgarriak direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA