Orain arte debekatuta egon da adingabeei tabakoa saltzea, eta ohikoa izaten da debeku horren berri ematen duten kartelak ikustea tabako dendetan. Orain, baina, Espainiako Gobernuak urrats bat gehiago egingo du, eta adingabeek tabakoa erretzeko debekua propio agertuko da legean, Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen lege aurreproiektuak aurrera egiten badu. Tabakoaren Legearen zenbait artikulu aldatuko ditu aurreproiektu horrek, eta, orain, Espainiako Gorteek eman beharko diote oniritzia.
Bestelako neurriak ere agertzen dira lege aurreproiektuan: adibidez, zigarretak eta tabakoarekin lotuta dauden gainerako produktuak parekatu egiten ditu arautegi berriak, eta, beraz, zigarreta elektronikoek, lurrungailuek, nikotina poltsatxoek eta antzeko produktuek ere murrizketak izango dituzte Hego Euskal Herrian.
Tabakoa erretzea galarazita dagoen eremuak zabaldu egingo ditu lege berriak, eta, aurrerantzean, tabernetako terrazetan, igerilekuetan, kiroldegietan, autobus geltokietako markesinetan eta abarretan debekatuta egongo da tabakoarekin lotuta dauden produktuak kontsumitzea. Kontratatutako ibilgailu gidaridunetan ere galarazita egongo da erretzea, ibilgailu horiek lantokitzat hartzen baitira legean.
Bestalde, tabakoarekin lotuta dauden produktuen publizitateari murrizketa gehiago jarriko dizkiote. Aurrerantzean, erabilera publikoko eremu guztietan egongo da debekatuta tabakoa iragartzea, tabernak, dantzalekuak eta aisialdirako gainerako tokiak barne. Alor horretako enpresek kirol eta kultur ekitaldiak babestea ere galarazita egongo da.
Aurreproiektuak urtebeteko epea ezarriko du enpresek behar dituzten egokitzapenak egin ditzaten, eta araua hausten dutenentzako zigorrak handitu egingo ditu.
Paketatze generikoa ez
Tabako mendekotasunaren kontra diharduten elkarteek behin baino gehiagotan proposatu dute neurri bat kontsumoa murrizteko: paketatze generikoa, hots, tabako pakete guztiak itxuraz berdinak izatea, produktua merkaturatzen duen enpresa edozein delarik ere. Espainiako Osasun Ministerioa ere neurri horren alde agertu da, baina, azkenean, paketatze generikoa ez dago lege egitasmoak biltzen dituen neurrien artean, ez baita adostasunik egon horren inguruan gobernua osatzen duten alderdien artean.
Hala ere, Osasun Ministerioak ez du amore eman nahi, eta ez du baztertzen neurri hori berriro proposatzea lege aurreproiektua Espainiako Gorteetan eztabaidatzen denean, tabakoaren kontsumoa murrizteko oso eraginkorra delakoan.