Ziritzako (Nafarroa) Vida Nueva zentroan «homosexualitatea sendatzeko terapiak» eskaintzen dituztela salatu zuen atzo Newtral hedabideak. Administrazioak, baina, ez du horri lotutako salaketarik jaso, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gaur erran duenez. Halere, gisako zerbaiten berri izaten badute esku hartuko dutela azpimarratu du.
Newtral hedabideak argitaratutako erreportajean, Vida Nueva zentroan izandako bortz emakumeren testigantzak bildu dituzte. Exorzismoak, tratu txarrak eta ezkontza behartuak salatu dituzte, bertzeak bertze. Hedabide horren arabera, gainera, zentroak laguntza publikoak jasotzen ditu: Nafarroako Gobernuak 55.000 euro ematen dizkio, eta Espainiako Gobernuak 117.050 euro. Remirezek, baina, erran du zentro pribatu bat dela, eta ez duela «hitzartutako plazarik» Nafarroako Gobernuarekin. Eta gehitu gobernuak zentroari emandako 55.000 euro horiek «beste elkarte batzuekin lehian» lortutako diru laguntzak direla. Hau da, administrazioa ez da arduratzen zentroaren «finantzaketa integralaz», Remirezek erran duenez.
Halere, adierazi du Eskubide Sozialen Departamentuak sei ikuskaritza egin dituela zentroan, 2016an lehenbizikoa eta 2025eko abenduan azkena. Ikuskaritza horietan ez zuten «ez-zilegi penalik» aurkitu, bai, ordea, logelen plazei lotutako «arau hausteak». Zentroari araudira moldatzeko eskatu zioten, eta logela bakoitzean gehienez bi pertsonendako lekua jartzeko erran; 2025eko martxora bitarteko epea ezarri zioten.
Iragan abenduan egindako ikuskaritzan, ikusi zuten zentroak ez zuela ezarritakoa bete, eta prozedura bat ireki zuten, zentroaren «funtzionamendu baimena» baliogabetzeko. «Espediente bat izapidetzen ari dira, eta laster igorriko den txosten bat egiten», erran du.