Vida Nueva zentroa 1985ean hasi zen hiesa eta droga mendekotasuna zutenak artatzen, Iberon (Nafarroa). 2001ean, Ziritzara (Nafarra) aldatu ziren, eta, orain Newtral desinformazioaren aurkako hedabideak kaleratu duenez, «homosexualitatea sendatzeko» terapiak eskaintzen dituzte.
Ikerketa erreportajean izena eman nahi ez duten bost emakumeren testigantzak eman dituzte: exorzismoen, ezkontza behartuen, tratu txarren eta sekta baten kutsuko praktiken berri ematen du Newtral-ek. Naiz.eus hedabideak eman dio oihartzuna erreportajeari.
Vida Nueva zentroak kultu ebanjelista du, eta Ziritzan du egoitza. Bertako memoria liburuaren arabera, 2024an 134 pertsona artatu zituzten zentroan, haietatik %21 zerbitzu publikoetatik bidalita —hamar Nafarroako gizarte zerbitzuetatik, hamabi osasun etxe eta buruko osasun zerbitzuetatik, eta sei beste autonomia erkidegoetatik—.
Laguntza publikoak
Newtral-en arabera, zentroak laguntza publikoak jasotzen ditu. Zehazki, Nafarroako Gobernuak 55.000 euro ematen dizkio, eta Espainiako Gobernuak 117.050 euro. Hedabidearen arabera, Nafarroako Gobernuak esan du ez dutela hitzarmen publikorik baina paziente jakin batzuk hara bideratzen dituztela. Pertsonek eurek ordaindu behar dute egoitza. Kartzelan dauden presoak ere artatzen ditu zentro horrek.
Erreportajean ageri diren emakumeak beldur dira euren testigantza ez dutela sinetsiko, muturreko esperientzien berri ematen dutelako. Emakumeetako bat soto batean izan zuten giltzapetua. Zentrotik zergatik ihes egiten ez duten galdetuta, erantzun du ez direla horretarako gai. Menpekotasun teknikak aplikatzen dizkietela salatu du.
Zentroak hiru eremu ditu: gizonezkoentzako bat, emakumeentzako bat eta haurrekin diren amentzako bat. Erreportajean aipatzen denez, haurren aurkako tratu txarrak izan dira: biltegi batean itxi, eta handik ateratzean gogor zigortu dituzte.
Sekten teknikak
Erreportajeak ere azaltzen du exorzismoak egiten direla, eskuak gainean jarrita, pazientea «homosexualitatearen demoniotik eta errebeldiatik askatzeko». Gainera, abusu psikologikorako beste teknika batzuen berri eman du. Pertsonak bakartuta eta haien jario ideologikoaren mende daudela eta sekten teknikak erabiltzen dituztela salatu du erreportajeko adituetako batek.
Era berean, hitz egin duten hiru emakumeek ezkontza behartuen berri ere eman dute, eta gizonezkoari beti baietz esatera behartu dituzte. Zentroak «esaneko emakume» izatera eta men egitera behartzen ditu, erreportajean adierazi dutenez.
Newtral-en arabera, bere historiaren sorreran egindako lanaren ondorioz, izen ona hartu zuen zentroak, eta horri esker babes instituzionala jaso du. Alta, denborarekin zentroak sekta baten kutsua hartu duela adierazi dute. Era berean, azaldu dute taldean oso garrantzitsua den psikologo batek titulua ere ez duela egiaztatua.