Administrazioko aulkien hanka herrenak

Idazkaritzarako, kontu hartzailetzarako eta diruzaintzarako hiru lanpostutik bakarra dago beteta EAEn, eta «arduratuta» daude, kasurako, Orexako eta Jatabeko alkateak. «Egunero» ari dira gabeziaren ondorioak nabaritzen.

Jatabeko udaletxea, martxoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jatabeko udaletxea, martxoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru aulki bereiz izan daitezke, edo izan daiteke bakarra. Lanak, dozenaka: dekretuei forma eman, administrazio prozedurei jarraipena egin, zuzen doazela ziurtatzeko sinatu —sinadurarik gabe ezin da aitzinera egin—, legezkotasuna zaintzen dela bermatu, jarduera ekonomikoa betearazi... Udaletako diruzainek, kontu hartzaileek eta idazkariek egiten dituzte lan horiek, baina, haien eserlekuei zaharberritzeko tratamendurik aplikatu ezean, hautsi eginen dira aulkien hanka herrenak, eta ez da izanen berriz moldatzeko modurik.

Horixe gertatzen da, bederen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki administrazioan, eta datuetan ikusten da argien: idazkaritzarako, kontu hartzailetzarako eta diruzaintzarako laurehun lanpostuetatik %30 soilik betetzen dituzte langile titularrek. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek prentsaurreko bat egin zuten martxo hasieran, eta «kezka» erakutsi zuten egoera dela eta. Euskal eskumenen esparrua errespetatzeko eskatu zuten, eta ziurtatu «beharrezko neurriak» hartzen hasiko direla irtenbideak bilatzeko. Gaur-gaurkoz, aldi baterako lan poltsak sortzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak. Baina, zergatik daude postuak hutsik?

Duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak aldi baterako lan deialdia egin zuen, baina hizkuntza eskakizunagatik gibelera bota zuten. Eta gaur egun, ehundik goiti epai pilatu dira administrazio publikoek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra. Horietan azkena Errenteriakoa (Gipuzkoa) da, joan den astekoa: udala 25 administrari lanpostu betetzekoa zen, baina geldiarazi egin zuten deialdia. Eskakizunetako bat begiratu bertzerik ez da egin behar arrazoia ikusteko: Errenteriako Udalak C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat. Baina lanpostu horiek Espainiako Estatu osoan aritzeko aukera ematen dute, eta, hortaz, euskararen kontrako talde anitzek ez dute ulertzen zergatik den nahitaezkoa euskaraz jakitea. Beraz, zer egiten dute? Helegiteak jarri.

«Jaurlaritzak eta aldundiek, legez tokatzen zaien moduan, laguntza juridiko, tekniko, eta ekonomikoa eman behar diete udalerri txikiei»

GURUTZE ETXEZABAL Orexako alkatea

Eta helegite horiek, hain justu, sistematikoki blokeatu egiten dituzte lanpostuak betetzera bideratutako prozesuak. Etengabeko judizializazio horren jakitun, irtenbide bat proposatu du Eusko Jaurlaritzak, eta aldi baterako lanpostuak sortu ditu. Horrez gain, martxo amaieran «oinarri berriak» aurkeztuko ditu aldi baterako lan poltsak berme juridiko handiagoa izan dezan, eta aldundiek konpromisoa hartu dute udal poltsa propioak sortzea erabakitzen duten udalei laguntzeko.

Edonola ere, euskararen kontrako oldarraldia ez da lanpostuak husten ari den faktore eragile bakarra. Kaltetutako udalerri bateko alkatea da Erlantz Urresti Olasagaste (Jatabe, Bizkaia, 1985), Jataben, eta bi arazo nagusi identifikatu ditu hizkuntzaz harago. «Batetik, esango nuke postuak ez direla batere erakargarriak. Soldata ona daukate, bai, baina ardura maila askoz handiagoa da beste leku askotan baino». Izan ere, 5.700 biztanletik beheitiko udalerrietan pertsona bakarra daukate administrazio lan guztiak egiteko, idazkari kontu-hartzailea deritzona, eta pilatu egiten da lan karga. Eusko Jaurlaritzak ere azpimarratu zuen hori: «Udalerri txikiak daude egoerarik larrienean».

Udaletxe bat idazkari kontu hartzailerik gabe. ARITZ LOIOLA / FOKU
Udaletxe bat idazkari kontu-hartzailerik gabe. ARITZ LOIOLA / FOKU

Baina ez da hori bakarrik: «Herri txiki bateko administrazioan lan egiteak ez du esan nahi udalerri horretan bakarrik ari zarenik lanean. Alegia, askotan partekatua da lanpostua, eta, beraz, egunka antolatzen da asteko lana: hiru egun udal baterako lanean, eta bi egun inguruko beste udal baterako», erran du Urrestik. Bi subjektuei datorkie gaizki hori: udalari eta langileari. Luze gabe hartuko du erretiroa Jatabeko Udaleko administrariak, eta Urresti «urduritu» egiten da horretan pentsatzen duen aldiro: «Ez dakit zer gertatuko den».

«Esango nuke postuak ez direla batere erakargarriak. Soldata ona daukate, bai, baina ardura maila askoz handiagoa da beste leku askotan baino»

ERLANTZ URRESTI Jatabeko alkatea

Orexa (Gipuzkoa) da kaltetutako bertze udalerrietako bat, eta Gurutze Etxezabal Iturrioz alkateak (Orexa, 1995) ez dauka inolako zalantzarik: «Larrialdi egoeran gaude». Ez baita gutxiagorako: ez daukate idazkari kontu-hartzailerik. Egonkortze prozesua dela eta, orain arte Orexan aritzen zen administraria bertze udal batean egonkortu dute, eta langilerik gabe geratu da herria. Bertze bat etorri bitartean, lehengo langileak egiten ditu oinarrizko lanak; lan osoaren %30. «Idazkari kontu-hartzailerik gabe, adibidez, udal batek ezin du gasturik egin, ezin du nominarik ordaindu haren sinadurarik gabe, eta ezin da udalbatzarik egin». Eta udalbatzarik gabe, ezin erabakirik hartu.

Aldaketa estrukturala

Etxezabalek Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei eskatu die «arduraz» jokatu dezatela, eta gaia «dagokion seriotasunez» landu dezatela. Izan ere, alkatearen irudiko, lanpostu horiek betetzea ezin da udalen ardura izan, «administrazioaren azkeneko katebegia» direlako soilik. «Ardura aldundiena eta Jaurlaritzarena da, eta ez da nahikoa aldi baterako lanpostuak sortzea», erran du. Harekin bat dator Urresti: «Ez dago jende nahikorik herrietako beharrak asetzeko; jende gehiago behar dugu».

Larrialdia kontuan hartuta, bi neurri har ditzatela exijitu du Etxezabalek: epe laburrekoa bata, eta luzera begirakoa bertzea. «Udaleko prozedurak asko ari dira moteltzen, eta aurten egitekoak ginen proiektu batzuk bertan behera utzi behar izan ditugu idazkari kontu-hartzaile faltagatik. Jaurlaritzak eta aldundiek, legez tokatzen zaien moduan, laguntza juridiko, tekniko eta ekonomikoa eman behar diete udalerri txikiei». Luzera begira egin beharreko aldaketa, berriz, «estrukturala» da. Lanpostuak birpentsatu eta berregituratu behar direla iritzi dio, eta lanpostuak «orain» bete behar direla. «Etorriko da uda, eta, harekin batera, kolapsoa, eta udalen abandonua».

Zalantzak zalantza, hizkuntza eskakizuna kentzea «ez da aukera bat» Etxezabalentzat. «Ezohiko egoera batean gaude, eta, beraz, ezohiko neurriak eta erabakiak hartu behar dira», erran du. «Herri txikietara egokitutako irtenbideak behar ditugu, lehenbailehen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA