Adosguneak bilatuko dituzte

Biktimen agerraldi fasea amaituta, gaiaren inguruan gutxieneko akordio bat lortu nahi dute Memoria eta Bizikidetza lantaldean. Memoria, espetxe politika eta giza eskubideak jorratuko dituzte gero

Andoitz Korta eta Jose Luis Cuesta, atzo, Memoria lantaldean elkar agurtzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez daude denak, baina daudenen artean ados jartzeko zumeak badituzte. Gutxieneko akordio bat lortzeko heldulekuak badituzte, eta borondatea baldin badute, biktimen inguruan elkarguneak aurkitu ditzakete. Atzo amaitu zen Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean biktimen agerraldien fasea, eta EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEko ordezkariei dagokie orain gai horren inguruko testu bat adostea.

Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztiek, PPk izan ezik, parte hartzen dute lantaldean. Joan den ostiralean Memoriaren Egunean islatu zuten batasunak erakusten du biktimen esparruan adostasun maila ia erabate- koa dagoela. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE prest daudela indarkeria mota guztietako biktimak aitortzeko, salbuespenik gabe. Direla ETAren indarkeriak eragindako biktimak, direla estatuaren indarkeriak eragindakoak. Guztiak aitortu eta erreparatzearen alde daude legebiltzar taldeak, eta, beraz, adostasun maila hori oinarri izan daiteke Memoria eta Bizikidetza lantaldean ere gutxieneko akordioa lortzeko.

Lau lehentasun ezarri zituen Memoria eta Bizikidetza lantaldeak bere sorreran: biktimak, memoria, espetxe politika eta bizikidetza, eta giza eskubideak. Ordena horretan eta arlo batzuk eta besteak «gainezarri gabe» jorratzea adostu zuten taldeek, joan den ekainean. Gai zerrenda errespetatuta, biktimena izan da lantaldeak azken hilabeteotan landu duen esparrua.

Lau biktimen testigantzak entzun zituzten atzo lantaldean: Coral Rodriguez, Humberto Fouzen ilobarena; Andoitz Korta, Joxe Mari Kortaren semearena; Maider Garcia Martin, Juan Carlos Garcia Goenaren alabarena; eta Jose Luis de la Cuesta, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidentearena. Irailaz geroztik, askotariko giza eskubideen urraketen hamabi biktimen lekukotzak entzun dira legebiltzarrean. Orain, testigantza horiek guztiak oinarri hartuta, ados jartzea dagokie alderdiei, gutxieneko testu batean. Atzoko saioan, hala ere, ez zituzten zehaztu aurrerantzean egin beharreko urratsak, ez eta lan egutegia ere. Lantaldearen hurrengo bilera noiz izango den, beraz, ikuskizun dago.

Sakabanaketaren biktimak

Biktimen esparruan adostasun handia egonda ere, badira leundu beharreko koska batzuk. Presoen auzia da horietako bat: denek ez dute bat egiten sakabanaketa eta urrunketa politikak eragindako hildakoak ofizialki biktima gisa hartuak izateko eskaerarekin. Gaur-gaurkoz, EH Bilduk baino ez du aldarrikapen hori bere egiten. Etxerat elkarteak mahai gainean jarri die talde guztiei eskakizun hori, eta, Memoria Egunean, haien biktima izaera aldarrikatu zuen elkarretaratze batean, Eusko Legebiltzarraren atarian. EH Bilduko legebiltzarkideek baino ez zuten bat egin protestarekin.

Alderdi guztiek uste dute espetxe politika aldatzea beharrezkoa dela, baina denek ez dute uste sakabanaketa eta urrunketa politikaren biktimak aitortu behar direnik. Nolanahi ere, presoen auzia espetxe politikaren esparrua jorratzen dutenean landuko dute berriro. Alderdiek ez dute erabaki oraindik zein izango den jorratuko duten hurrengo gaia.

Lantaldetik kanpo utzi du bere burua PPk, baina alderdiko buruzagiek jarraitzen dute foro horren egitekoa kritikatzen. Atzo, Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak bere alderdiaren jarrera justifikatzeko EH Bilduri egotzi zion lantaldea «erabili» duela ETAren indarkeriarena ez den «bestelako kontakizun bat» egiteko. «Biktima guztiei ahotsa ematea benetan gertatu dena edukiz hustea da», kritikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!