Adostasun zabalik ezean, EH Bildu prest dago Hezkuntza Legea EAJrekin bakarrik onartzeko

Otegik esan du akordio zabal batek ezin duela «lege txar bat» egitera eraman. Ez du argitu bera izango den edo ez Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia, eta militantziaren esku utzi du erabakia.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko abuztuaren 29a
11:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari dira Hezkuntza Lege proiektua, eta lege hori adostasun zabal batekin onartzea nahi du EH Bilduk, «ahalik eta legerik onena izan dadin», Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak gaur Radio Euskadin esan duenez. Aitzitik, adostasun zabala lortzea posible ez bada, Otegik ziurtatu du EH Bildu prest dagoela EAJrekin bakarrik onartzeko. «Hori al da desiragarriena? Ziurrenik ez; hobe da hezkuntza lege bat adostasun handiagoarekin egitea, baina adostasun handiagoak ezin gaitu lege txar bat egitera eraman», azaldu du. Hezkuntza lege «on» baten alde lan egingo du EH Bilduk, uste baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat «proiektu estrategikoa» dela, baina Otegik ohartarazi du adostasun zabala bilatzeak ez duela helburu bakarra izan behar: «Denok egin beharko genuke ahalegin bat ulertzeko ahalik eta adostasun handienarekin egin behar dela, baina ahalik eta adostasun handiena lortze horrek ez gaitu eraman behar edozein lege egitera», azpimarratu du.

Espainiako Gobernua
Bestalde, Espainiako legealdi berriari begira, EH Bilduko buruak uste du pisua izango duela lurralde ereduaren eztabaidak. Eta arlo horretan azaldu du ez dutela «dinamika malkartsurik» planteatuko, eta «lasaitasunez eta sakontasunez» egingo diotela aurre eztabaidari.

Espainiako inbestidura saioari begira, gogoratu du ez diotela bide emango eskuineko gobernu bati, eta ezkerreko gobernu bat babestuko dutela. Ezkerreko politikak egingo dituen gobernu bat behar dela uste du Otegik, eta hiru gai hartu beharko lituzke lehentasun gisa: espetxe politika, gizarte gaiak eta lurraldetasuna.

Lehendakarigaia
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak izango dira datorren urtean, eta, horri buruz galdetuta, Otegik esan du EH Bilduk «irabazteko» asmoa duela, baina ñabartu du ez dutela «antsietaterik, ez obsesio berezirik, ezta presa berezirik ere».
EH Bilduren lehendakarigaia nor izango den galdetuta, Otegik erantzun du garrantzitsuena ez dela hautagaia, baizik eta koalizioak egungo arazoei erantzuteko aurkeztuko duen programa. Ajuria Eneko hautagaia bera izan ote daitekeen ez du argitu, eta gaineratu du militantziak erabaki behar duela: «Jendeak erabaki behar du, EH Bilduren militantziak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.