AEK-k beste hiru herritara zabalduko ditu mintzalagun taldeak Ipar Euskal Herrian

Egitasmoaren abiatzea «arrakastatsua» izan zen iaz: 143 lagunek parte hartu dute zazpi herritan. Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza izanen dute aurten ere.

Uthurbide, Arzellus eta Mitxelena, AEKren Baionako egoitzan. FRANÇOIS BERLAND
Uthurbide, Arzellus eta Mitxelena, AEKren Baionako egoitzan. FRANÇOIS BERLAND
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko urriaren 29a
14:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen urte arrakastatsuaren ondotik, zabaltzen segitu nahi dute. Ipar Euskal Herriko AEKren mintzalagun taldeak Lapurdiko beste hiru herritara zabalduko dituzte: Arbonara, Hazparnera eta Miarritzera. Lehen esperimentazio baten ondotik, iaz abiatu zuten egitasmoa ofizialki, eta berehala jende andanak parte hartu zuen. Donibane Lohizuneko eskualdean, Baionan, Uztaritzen, Itsasun eta Kanbon sortu zituzten taldeak; 143 mintzalagun, zazpi herritan. Aurten ere, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza eskuratuko dute. 

Pixkanaka AEK presente dagoen eremu guzietara zabaldu nahiko luketela erran du Paulo Arzellus AEKko kideak. «Helburua da baldintzak sortzea eremu horretan proiektua iraunkorki finkatzeko». 

Mintzalagun taldeen ideia zer den oroitarazi dute: euskara praktikatu behar dutenei ingurune natural bat sortzea: «Gizarteak sortzen ez dituen guneak guhaurk sortzea», laburbildu du Arzellusek. Astean behin elkartzen dira bidelariak, hau da, euskara praktikatu nahi dutenak, eta bidelagunak, euskaraz eroso diharduten hiztunak. «Behar batetik sortzen den proiektua» dela azpimarratu du Mireia Mochales Ipar Euskal Herriko AEK-ko didaktika arduradunak. «Ez dugu deus berririk asmatu: Hego Euskal Herrian aspalditik egiten da». 

«Hazparnekoa ingurune euskalduna da, baina, elkarrizketak luzatu arau, frantsesak gaina hartzen du»

MAIALEN HEGI LUKU Hazparneko Gau Eskolako kidea

Ipar Euskal Herrian, hutsune hori betetzeko dago eremu anitzetan. Hala esplikatu du Maialen Hegi Luku Hazparneko Gau Eskolako kideak. «Hazparnekoa ingurune euskalduna da, baina, elkarrizketak luzatu arau, frantsesak gaina hartzen du», esplikatu du. Mintzalagun taldeekin «aspaldi galdutako ikasle batzuk berreskuratzeko aukera» izan daitekeela uste du Amets Perez Miarritzeko eta Arbonako gau eskolako kideak. Baina orotariko publikoa lotzea espero dute. «Baionan, erdiak baino gehiago ez dira ikasleak», ohartarazi du Pantxoa Uthurbide dinamizatzaileak. Lapurdiko hiriburuan da parte hartzaile gehien gaur egun; aurtengo ikasturterako, jadaneko berrogeita hamar izen emate izan dituzte. 

«Orain, lotsarik gabe»

Baionako taldean parte hartzen du Aña Mari Mitxelenak; iaz eman zuen izena. Kontatu du AEKn ibili zela aspaldi, baina kanpora joan behar izan zuela; eta itzuli zenean ez zuen modurik topatzen euskaraz aritzeko. «Irratia entzuten nuen, Euskal Telebista... lagunartean anitzek badakite euskaraz, baina frantsesera jotzeko ohitura genuen». Horregatik eman zuen izena mintzalagun talde batean. «Ostatuan nintzen, eta bat-batean denak euskaraz ari ziren nire ondoan; biziki pozik nintzen», kontatu du. «Oso inportantea da horrelako talde informalak sortzea. Berpiztu dut euskara, eta orain lotsarik gabe ari naiz». Egunerokoan hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan diola ere erran du. 

«Ostatuan nintzen, eta bat-batean denak euskaraz ari ziren nire ondoan; biziki pozik nintzen»

AÑA MARI MITXELENA Mintzalagun talde bateko kidea

Mintzalagun taldeetako aste orotako hitzorduez gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte guzian, hala nola mintzodromo bat, Ipar Euskal Herriko mintzalagunen topaketa Baionan, eta trukaketa Zumaialdeko mintzalagunekin. Aurten ere asmo bera dute: azaroaren 15ean Bilboko Ezkerraldeko mintzalagunekin elkartuko dira Donibane Lohizunen, eta udaberrian Iparraldekoak Bizkaira joatea nahiko lukete. 

Euskal Herri osoan dago aukera mintzalagun taldeetan parte hartzeko. Izena eman nahi duenak helbide honetara jo dezake: Emanizena.praktikatu.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.