AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren kontrako mugimenduak amnistia eskatzeaz gain, "borrokaren zilegitasunaren defentsa" ere egingo duela jakinarazi du gaurko agerraldian. Hango kideek diotenez, "borroka grina" da belaunaldi desberdinak batzen dituena, eta amnistiaren aldarrikapena haien arteko "hari loteslea". Iragarri dute ez dutela otzanduta egoteko asmorik "herri borrokalaria bultzatzea dugu xede, askatasun nazionala eta soziala erdiesteko bidean".
Gainera, AEMko kideek salatu dutenez, azkenaldian "preso politiko" terminoaren erabilera okerra egiten ari da "sektore progre eta sozialdemokrata". "Borroka moldearen araberako bazterketak" egiten direla salatu du Sendoa Jurado bozeramaileak, eta politika "marketin" bilakatu dela. Preso bat politiko egiten duena "askatasun kolektiboen defentsa aktiboa" egitea da, Juradoren ustez, eta ez "biolentzia ez erabiltzea".
Preso politikoen arteko desberdintasunak egitea salatu du, eta hori zuzentasun politikoagatik, konplexuengatik eta interes partikularrengatik egiten dela salatu du. "Sozialki onartzeko errazak diren kausek izaten dute arrakasta gehien, hau termino kuantitabioetan neurtzen dugunean, ez ordea termino kualitatiboetan". Epe laburreko estrategia kaltegarria dela nabarmendu du Juradok, baldin eta batzuen injustiziak salatzeko beste batzuenak "finkatu" behar badira.