Valentin Diaz Blanco Guardia Zibileko koronelak maiatzean egindako adierazpen batzuetan jakinarazi zuen "ikerketa bat" abian dutela AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduaren aurka; besteak beste, militante batzuk "monitorizatuak" zituztela esan zuen. "AEMren sorreratik bertatik izan dira gure militantziaren aurkako jarraipenak", salatu du AEMk ohar batean. "Ez da egoera hau salatzen dugun lehenengo aldia". Azkenaldian, ordea, Poliziaren "jazarpena areagotu" egin dela ohartarazi du mugimenduak, "komunikabide faxistek errepresioaren jopuntua gure gainean jartzen duten bitartean".
"Oraingoan, jarraipenei eta bat-batean jarritako errepide kontrolei, militante batzuen etxeetan eta autoetan sartu izana gehitu behar dizkiegu", azaldu dute: "Kasu guztietan, hankaz gora utzi izan dute dena, baina inoiz ezer lapurtu gabe, eta, beraz, lapurreta kasuak ez direla ondoriozta daiteke. Kasu hauek denboran eta formetan bat egiten dute, eta antzeko funtzioak aurrera eramaten ari diren militanteen kontra burutu dituzte".
AEMk gogora ekarri du ikasle eta gazte mugimenduetako hiru kidek ere salatu dituztela jarraipenak eta kolaborazio eskaerak, eta ondorioztatu du "errepresioa ez dela desagertzen, baizik eta bere intentsitatea modulatzen duela". Horregatik, "militantziarako eskubidea" aldarrikatu dute.