AET: «Tafallako Udalak ez du onartu hizkuntz profilei buruz Arartekoak dioena»

Elkarteak salatu du lau lanpostutan soilik ezarria dela euskara eskakizuna. Arartekoari erantzunez, udalak bermatutzat jo du herritarren eskubidea

Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Administrazioan Euskaraz Taldeak kexa bat aurkeztu zuen urte hasieran Nafarroako Arartekoaren bulegoan, Tafallako Udalaren lantaldean ezarritako hizkuntza eskakizunen kontura. Salatu zutenez, 137 postuk osatzen dute Tafallako Udalaren lantaldea, eta horietatik lautan soilik dago ezarria euskara jakiteko betebeharra: haur eskolako hiru hezitzaileen eta Euskara teknikariaren lanpostuetan, zehazki. «Gainerakoetan, merezimendu gisa ere ez da aintzat hartzen euskara», adierazi du Administrazioan Euskaraz-ek, ohar batean.

Arartekoak onartu egin zuen kexa hura, eta txosten bat argitaratu zuen iragan apirilaren 28an. Agirian, Tafallako Udalari gomendioa egin zion «beharrezko neurriak» hartzeko, «herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea» bermatze aldera.

Orain, Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du Tafallako Udalak ez duela gomendio hori onartu, eta «ezetza» eman diola Arartekoak aholkatutakoa betetzeari: «Esan du bere egoera soziolinguistikoaren arabera jada bermatua dagoela herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea, Euskara teknikariak itzultzaile lanak egin ditzakeelako», adierazi dute oharrean.

Elkarteak esan du «gehiago» espero zutela «EH Bilduk gobernatutako udal batetik».

Horrez gain, taldeak azaldu du Tafalla 2017tik dagoela eremu mistoan, udalak berak hala eskatuta, baina aldaketa horrek ez diela ekarri herritarrei «ia inolako ondorio praktikorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.