Aezkoan sexu eraso bat gertatu dela salatu dute gazte asanbladak eta Berdin Bizi-k

Elkarretaratze bat egingo dute gaur 20:30ean Aezkoako Etxearen aurrean, Ariben. Berako talde feministak herriko emakume batek jasandako erasoa gaitzetsi du.

Feministen elkarretaratze bat Iruñean, aurtengo sanferminetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Feministen elkarretaratze bat Iruñean, aurtengo sanferminetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Urrestarazu - Irati Montiel Bravo
2026ko abuztuaren 3a
08:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aezkoako Gazte Asanbladak eta Berdin Bizi berdintasun zerbitzuak Aezkoan (Nafarroa) gertatutako sexu eraso bat salatu zuten larunbatean. 

Gazte asanbladak «gaitzespenik irmoena» adierazi du erasoaren harira: «Gertaera hau ez da bakana, egiturazkoa den indarkeria matxistaren beste kasu bat baizik». Gehitu dute erasotzaileak «gehienetan herrikideak, bizilagunak, lagunak, senideak edota langileak» izaten direla, eta ez direla «munstro ezezagunak». Horrez gain, eraso matxistak sostengatzen dituzten «aliantzak eta konplizitateak» salatu dituzte.

Berdin Bizi zerbitzuak ere «irmo gaitzetsi» du erasoa, eta adierazi du ez dutela onartuko indarkeriak emakumeak «kanporatzea» eurei ere «badagozkien lekuetatik»: «Emakumeengan beldurra eragin edo haien askatasuna mugatu nahi duten larderiazko jokabideak edo bestelako ekintzak bateraezinak dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako bizikidetzarekin». Aezkoako Batzarre Nagusiak bi komunikatuekin bat egin du. 

Bi elkarteek deituta elkarretaratze bat egingo dute gaur 20:30ean Aezkoako Etxearen aurrean, Ariben, eta herritarrei dei egin diete bertara agertzeko.

Horrez gain, gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Donostian, emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita Amarako auzoko etxebizitza batean. Erasoa larunbat goizaldean izan zela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta goizeko bederatzitan atxilotu zuten gizona. 

Berako elkarretaratzea

Joan den asteko larunbatean, Berako (Nafarroa) Goldatz emakume taldeak elkarretaratze bat egin zuen salatzeko herriko neska batek beste herri bateko festetan jasandako eraso sexista. Gertakaria aurreko astean izan zen, eta herriko taldeak «irmoki gaitzetsi» du erasoa. 

Atzo eman zieten hasiera Berako festei, eta kontzentrazioan hurrengoa adierazi zuten: «Indakeriak gaitzetsiko ditugu, beharrezko erasoak ikusaraziz eta erantzun sozialak emanez». Horrez gain, azaldu zuten txoznagunean «txanda moreak» antolatu dituztela, eta edozein eraso jasan edo ikusiz gero zapi moreduna daraman kide bati jakinarazteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA