Lemoako Udalak Agarre auzoko etxebizitzak husteko agindu du

24 orduko epea eman die lau etxebizitza bloke erabiltzen dituzten familiei, handik alde egin dezaten, «segurtasun arrazoiak» tarteko. Arratiako Sare Antirrazistak «irregulartasunak» salatu eta «gezurretan aritzea» leporatu dio udalari.

Lemoako Agarre auzoko bizilagunak eta Sare Antirrazistako kideak, «eskubideak» aldarrikatzen dituen pankartari eutsiz. BERRIA
Lemoako Agarre auzoko bizilagunak eta Sare Antirrazistako kideak, «eskubideak» aldarrikatzen dituen pankartari eutsiz. BERRIA
gotzon hermosilla
2026ko urtarrilaren 29a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agarre auzoko lau etxebizitza bloke hustu nahi ditu Lemoako Udalak (Bizkaia), eta etxebizitza horiek erabiltzen dituzten familiei 24 orduko epea eman die handik alde egin dezaten. Cementos Rezola enpresarenak dira eraikinak, eta, batez ere, bestelako bizitokirik ez duten migratzaileak bizi dira han. Udalaren jarrera salatu du Arratiako Sare Antirrazistak; haien esanetan, udala «nagusikeriaz» eta «gezurretan» aritu da etxegabetzeak gauzatu ahal izateko, eta haren jardunaz «xenofobia eta arrazakeria instituzionala» atera dira garaile.

Sare Antirrazistaren esanetan, urtarrilaren 20an Poliziak «okupatu» egin zuen auzoa, eta goizaldean poliziak etxez etxe joan ziren, han bizi zirenak identifikatu eta zerrendatzeko. Haietako asko, baina, zerrenda horretatik kanpo geratu ziren, «beldurrez» atea ez zabaltzea erabaki zutelako edo, hizkuntza arazoak zirela medio, ez zutelako agenteekin komunikatzerik izan.

Urtarrilaren 23an, zerrendan ageri ziren bizilagunak hasi ziren gizarte zerbitzuen deia jasotzen, eta egoera zaurgarriagoan egon edo adin txikikoak dituzten familiei «birkokatze plan bat» proposatu zieten. Zerrendan ageri ez ziren zenbait auzolagunek udaletxera jo zuten, izena emateko asmoz, baina adierazi zieten udalak zerrendan daudenak baino ez dituela aintzat hartuko aurrerantzean. Sare Antirrazistak salatu du bost lagun «kale gorrian» geratu direla irizpide horren ondorioz, eta gaur-gaurkoz Lemoako gaztetxean hartu behar izan dutela aterpe.

Sare Antirrazistaren esanetan, «birkokatze» proposamena jaso zuten familiei «mehatxu eta presio» egin zieten hura sina zezaten, hala egin ezean kale gorrian geratuko zirela adierazi zieten, eta zenbaitek itzultzailerik gabe izenpetu behar izan zuten agiria. «Hitza jatea» ere leporatu dio Sare Antirrazistak udalari: azaldu dutenez, familiei esan zieten etxebizitza partekatuak eskainiko zizkietela, baina haietako zenbait aterpetxe batera bidali dituzte.

Gainerako bizilagunei dagokienez, etxebizitzak 24 orduren buruan husteko agindua eman du udalak. Sare Antirrazistaren ustez, agindu hori ez da legezkoa, ez baitu inongo epailek plazaratu, eta iragarri dute helegitea jarriko dutela kaleratze agindu horren kontra. Hala ere, beldur dira etxegabetzeak gaur bertan gauzatuko ote diren.

«Sute arrisku larria»

Lemoako Udalak segurtasun arrazoiak argudiatu ditu etxebizitzak husteko agindua justifikatzeko. Esan duenez, etxebizitzei argindarra ematen dien konpainia elektrikoaren ohartarazpen bat jaso dute, eta, horren arabera, detektatu dute lotura instalazioetan aldaketak egin dituztela «modu irregularrean eta kontrolik gabe», eta horren ondorioz «pertsonentzako arrisku elektriko eta sute arrisku larria» dagoela. Eraikinak hustu ondoren, haiek zigilatzea eta alarmak jartzea da udalaren asmoa, «arrisku egoerak eta arazo juridikoak» eragozte aldera: «Gizarte politikek ez dute aintzat hartzen etxebizitza okupazioaren bidez eskuratzeko eskubidea».

Udalak adierazi duenez, «larrialdiko dispositibo bat» jarri dute abian «inor kalean ez geratzeko eta bizilagunen ongizatea bermatzeko». Horretarako, lantalde bat eratu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren hainbat sailetako ordezkariak ari dira horretan parte hartzen, udalaren zerbitzuekin batera.

Lemoako Udalak iragarri du eskatu diola Cementos Rezola enpresari bi eraikinak udalaren esku lagatzeko, eta hori lortu ostean haiek zaharberritu eta etxebizitza sozial bilakatzeko asmoa duela, «alokairuan hartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerbitzura jar daitezen».

Arratiako Sare Antirrazistak elkarretaratzea egingo du gaur, 18:30ean, Lemoako udaletxearen aurrean. Bizilagun guztiak aintzat hartuko dituen «ostatu-emate plan duin bat» eskatzea da haien asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.