Felix Arrieta. Deustuko Unibertsitateko irakaslea

«Agenda publikoa zabaltzeko tresna dira herri galdeketak»

Donostiako udalbatzak hiri galdeketarako araudia behin-behinean onartu berri du, aho batez. Udal taldeez gain, hiritar talde bat aritu da oinarrizko dokumentua prestatzen. Haien artean izan da Felix Arrieta.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2015eko otsailaren 04a
00:00
Entzun
Felix Arrieta politologo eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko irakasleak (Donostia, 1982) bertatik bertara jarraitu du Donostiako galdeketarako araudia, hiritarrek osatutako Kontrasterako Taldeko kidea baita. Protagonismo handia izan dute eraketan.

Nolakoa izan da galdeketarako araudia prestatzeko prozesua?

Luzea eta aberasgarria. Duela bi urte demokrazia zuzenari buruzko jardunaldi batzuk izan ziren Donostian, eta hari jarraipena eman genion udalak eta hiritarrok. Iazko ekainean 50 lagunek—udal taldeak barne zirela— Gizarte Eztabaidako Taldea osatu genuen, eta kontsulta sistema baten osagaiak zehaztu genituen. Oinarrizko dokumentua osatu genuen ondoren. Eta irailean Gizarte Kontrasterako Taldea sortu genuen, hamabost kiderekin. Udal taldeek dokumentu hartaz jardun dute udaletxean, eta joan den astean onartu zuten araudia behin-behinean, aho batez. Martxoko edo apirileko udalbatzarrean onartuko dute betiko. Prozesuan parte hartu dut, hasieratik.

Zer azpimarratuko zenuke?

Prozesuaren balioa. Herritarrok parte hartu dugu, eta testua aberasten joan da. Gure iritzia islatuta geratu da araudian. Hori bezain garrantzitsua da biharko egunerako herritarren parte hartzeari atea zabaldu zaiola, guztia ez baita gure udal ordezkarien artean erabakiko. Herritarrok udal eskumeneko gaietan parte hartzeko aukera artikulatu da.

Kultura politiko berrirantz doan pausoa al da?

Bai. Ez da nahikoa ordezkari instituzionalak lau urtean behin aukeratu eta haiek soilik erabakitzea, zilegi den arren. Bestelako tresnak eratu behar dira. Donostian guztion artean jarri dugu tresna bat: hiri galdeketarako araudia. Hiritarroi ahalmena emateko balio du, eta aitortza bat egin du udalbatzak. Demokrazia ordezkatzailea egoteaz gain, demokrazia parte hartzailerako urratsak egiten segitu behar dugu, ordenamendu juridikoan ere lekua eginda herri kontsultei.

Hiritarron artean zer gaik sortu zuen eztabaidarik handiena?

Galdeketak egiteko eremuak, adibidez. Azkenean, hiri mailakoak eta, oraindik zehaztu gabe, lurralde eremu txikiagokoak jarri dira. Kontsulta egitea eskatzeko gutxieneko sinadura kopuruaz ere aritu ginen; %5 eta %8 artean beharko dira. Kontsulta bat zertaz ezin den egin ere eztabaidatu dugu, eta ezingo da galdetu funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak zalantzan jar daitezkeenan, ezta tokiko Ogasunaz edo udal finantzez ere.

Alderdi politikoek beldurrak uxatu behar al dituzte galdeketak egiteko?

Alderdiek eta erakunde publikoek hausnarketa handia egin behar dute euren barne egituraren, gizartean duten lekuaren eta espazio publikoaren artikulazioaz. Donostiako kasuan udal taldeak herritarrokin batera parte hartzen aritu dira, eta ikusi dute gizarte zibilari erabakietan espazio zabalagoak eman behar zaizkiola. Alderdi bakoitzak dauzka bere proiektu politikoak, baina ikusi behar dute besteenak ere zilegi direla, eta, mekanismo bat adosten bada eta bermeak badaude, galdeketak egin daitezkeela.

Kontsultara komeni zaiena eramateko kezkarik ba al duzue?

Donostiako araudian, udal ekinaldikoak ez ezik, herri ekinaldiko galdeketak ere egin ahalko dira, aurrez sinadura batzuk lortuta eta alkateak kontsultarako baimena emanda. Beraz, behetik gorako prozesu bat izango da, eta araudiko irizpideak betetzen badira, udalak galdeketa egitea ahalbidetu behar du. Jauzi kualitatiboa da. Agenda publikoa zabaldu egin behar da, eta kontsultak horretarako tresna dira.

Donostiako udalbatzan ezohiko irudi bat eman da: araudia aho batez onartu dute Bilduk, PSEk, PPk eta EAJk.

Kultura politiko berri bati ekiteko borondatea erakutsi dute. Espazio publikoak egonkortu egin behar dira, eta udal taldeak ados jartzeak ere bermatzen du hori.

Erabakitzeko eskubidearen aitorpen bat esan nahi izan du, Donostia mailakoa. Zaila ikusten al duzu hori Euskal Herrian politika arlora eramatea?

Gaur-gaurkoz, bai. Subjektuaren aitortza da gakoa. EAJ eta EH Bildu ados jartzea posible ikusten dut. Eredu sozial desberdinak dituzte, baina erabakitzeko eskubidearen inguruan ados jar daitezke. PSEk eta PPk, aldiz, ez dute euskal subjektua aitortzen, Espainia da haientzat subjektua, eta, beraz, bi haiekin akordioa lortzea ezinezkotzat edo utopikotzat dut.

Zer garrantzi ematen diozu erabakitzeko eskubidearen aldeko Euskal Herriko dinamikari: Gure Esku Dago-ri?

Oso lan ona egiten ari da, eta egiten segitu beharko du. Izan ere, gizarte zibilean oraindik ez dago nahikoa oinarri eta indar Gure Esku Dago-ri behin betiko bultzada emateko. Mobilizazio sozialak askoz handiagoa izan beharko du. Herritarroi dagokigu hori.

Euskal Herriaren independentziarekin lotutako bi herri galdeketa egin ziren iaz: Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan.

Herri ekinalditik abiatutakoak izan ziren biak, antolaketan bermeak eskaini zituzten... Kultura politiko berria eraikitzeko balio izan dute haiek ere. Balio nagusia da herritarrek ikustea erabakitzeko gaitasuna dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.