Eskubaloia

Aginagaldek eta Gurbindok Suediaren aurka jokatuko dituzte final-laurdenak

Asteazkenean jokatuko dute. Gaur Argentinari irabazi diote (36-27), ligaxkako azken jardunaldian. Gipuzkoarrak lau gol sartu ditu, eta nafarrak, berriz, bat.

Aginagalde jaurtiketa bat egiten, gaur, atzean Gurbindo duela. WU HONG / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 1a
09:30
Entzun

Tramite hutsa zen gaur Espainiak eta Argentinak jokatu duten neurketa, ligaxkako azkenekoa. Hala ere, arazorik gabe irabazi du Julen Aginagalderen eta Eduardo Gurbindoren taldeak (36-27), eta asteazkenean jokatuko duten final laurdenean izango duten aurkariaren zain geratu dira. Aukera gehien dituena Suedia zen, eta hura izango da gaur Danimarkari irabazi diolako. Munduko txapeldunordea da Suedia.

Gaurko neurketan lau gol sartu ditu Aginagaldek, eta bat Gurbindo. Dena den, Espainiako selekzioaren arazoak defentsan daude orain. Brasilen aurkako neurketan lesionatu zen Viran Morros defentsako espezialista —haren ordez sartu da Aginagalde azken bi deialdietan—, eta haren falta nabarmena da taldearen jokoan. Irungo piboteak ere espezialista gisa jokatu ohi du, baina erasoan.

Neurketa bitxia izan da. Argentinak ez zuen jada sailkatzeko aukerarik, eta hainbat jokalarik selekzioarekin jokatu duten azken neurketa izan da. Argentinak, erasoan, minutu asko jokatu ditu zazpi jokalarirekin, eta horrek gol errazak lortzea ahalbidetu dio Espainiari. Hala sartu dituzte 36 gol, baina ez dute lortu Frantziaren aurkako neurketan sortutako zalantzak uxatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.