Agiri bat baino gehiago, ziurtagiria

Urte bat beteko da gaur ETAk su-eten orokorra, iraunkorra eta egiaztagarria eman zuela. Konfrontazio armatua amaitzeko konpromisoa agertu zuen, eta garai berrirako pausoak bizkortu zituen.

jokin sagarzazu
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Gaur urtebete su-eten orokorra, iraunkorra eta egiaztagarria iragarri zuen ETAk. Argi mintzatu zen erakunde armatua 2011ko urtarrilaren 10eko agiri hartan, nahiz eta erabilitako hitzak eta hartutako erabakiak eragile guztien gustukoak ez izan. Egia da ETAk ez zuela agindu jardun armatua behin betiko utziko zuen, ez zuela argitu su-etena baldintzarik gabea zen eta ez zuela berariaz esan alde bakarrekoa zen. Baina egia da ere konfrontazio armatuaren amaierarekiko konpromisoa agertu zuela eta ez ziola su-etenari baldintzarik jarri. Denborak erakutsi du emandako hitza bete duela ETAk, eta agiri hura ez zela «beste agiri bat» izan, hainbat eragilek —Espainiako Gobernua barne— sinetsarazi nahi izan zuten moduan. Mugarri batizan zen. Konponbide prozesuan ondoren eman diren beste pausoak hauspotu dituen erabakia izan zen. Ziurtagiria.

Urte berriarekin batera iritsi zen ETAren adierazpena. Giroan nabari zen erakunde armatuakagiri bat kaleratuko zuela. Testuinguruak hala eskatzen zuen. Ezker abertzalearen barne eztabaida eta estrategia aldaketak, batetik, eta nazioarteak euskal gatazka konpontzeko agertutako konpromisoa, bestetik, ETAren gainean jarri zuten fokua. Eta testuinguru horretan kokatu zuen bere erabakia, Bruselako Adierazpenak eta Gernikako Akordioak marraztutako ibilbidearen arrastoan sartuz.

2010eko martxoaren 28an, Bruselan, nazioarteko izen handiko 21 pertsonak aintzakotzat hartu zituzten ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenean bake bidearekin agertutako konpromisoa, eta, bide horretan, urrats bat eskatu zioten ETAri: su-eten iraunkor eta egiaztagarria ematea. Irailaren 25ean —irailaren 5ean eraso ekintza armatuen etetea iragarri zuen ETAk—, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek antzeko beharra plazaratu zuten, baina ñabardura batekin: su-etena jarduera armatuaren behin betiko amaitzeko borondatearen erakusle izatea.

Hiru hilabete geroago, 2011ko urtarrilaren 10ean kaleratutako agirian, ETAk jarduera armatuaren amaierarekiko konpromisoa agertu zuen. Horrez gain, akordio politikoak lortzeko zeregina alderdi eta eragile sozialen esku utzi zuen, Gernikako Akordioaren bigarren zatiaren ikuspegia bere eginez. Hori hala, Bruselako Adierazpenak eta Gernikako Akordioak diseinatutako prozesuarekin bat egin zuen ETAk, eta azkartu egin zuen garai berriaren garapena. Ateak ireki zizkion nazioarteko komunitatearen esku-hartze eraginkorrari, eta Euskal Herriko eragileak testuinguru berrira egokitzera eraman zituen.

Otsailaren 14an Bruselako Adierazpenaren inguruko harreman taldea aurkeztu zen eta Euskal Herriko eragile politiko eta sozialekin biltzen hasi zen. Esku-hartze horrek eragin handia izan zuen ETAren urratsaren atzeraezintasuna ziurtatzeko orduan. Konfiantza giroa sortu zuen. Eragile batzuei bidea erraztu zien konponbide prozesuan engaiatzeko, eta testuinguru berrian kokatzera behartu zituen ordura arte jarrera itxiagoa agertu zuten beste batzuei

Su-etenak ere, lankidetzarako bidea erraztu zuen. Baita hauteskundeei begira ere. Ezker abertzaleak eta EAk akordio estrategiko bat izenpetu zuten (Lortu Arte), Bildu sortu zen, Amaiur...

Giro hartan jositako harremanen ondorioz, urriaren 17an konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia egin zen Donostian. Ekimen hartatik, adierazpen bat atera zen (Aieteko Adierazpena), nazioarteko sei pertsonalitatek sinatutakoa. Bere jarduera bertan behera uzteko eskatu zioten ETAri, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioei heltzeko elkarrizketak abiatzeko. Hiru egun geroago, bere egin zuen eskaera hori erakunde armatuak. Gobernuek, aldiz, ez diote erantzun, momentuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.