Agirresarobe, Alberdi eta Narvaez euskal presoen progresioei helegitea aurkeztu izana salatu du Sarek

Errekurtsoa jarri ostean, espetxera itzuli behar izan dute hirurek. Sareren ustez, «borondate politikoetan» oinarritutako erabakia da.

Sarek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sarek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 14a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare Herritarrak salatu egin ditu Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narvaez euskal presoen gradu progresioen kontra aurkeztutako helegiteak. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak aurreko astean iragarri zuen hiru lagun horien hirugarren graduen kontra egingo zuela, Covite biktimen elkarteak horiek salatu ostean, eta hiru presoek espetxera itzuli behar izan dute. Hain zuzen, Sarek fiskalari egotzi dio «borondate politikoetan» oinarrituta ekin izana, irizpide juridikoak lehenetsi beharrean.

Ohar batean, Sarek gogoratu du hirugarren graduak euskal espetxeetako tratamendu batzordeen proposamenen ondorio direla, eta salatu du «400 kilometrora» hartu dela horien kontrako erabakia. «Euskal espetxeetako profesionalek, presoen bilakaera hobekien ezagutzen dutenek, gradu progresioaren alde hartutako erabakiaren kontra egin du», arbuiatu du, fiskaltzaren erabakia hizpide hartuta.

Covitek aurreko ostiralean jarri zituen jomugan Agirresarobe, Alberdi eta Narvaez. Elkarteak horien eta Jurdan Martutegiren gradu progresioen kontra egin zuen, «oraindik ezker abertzaleari lotuta» daudelakoan. Argudio gisa plazaratu zuen Sareren eta Etxerat elkartearen zerrendetan ageri direla, eta ez dutela «damurik» adierazi.

Fiskaltzak egun berean eman zuen errekurtsoen berri, eta esan zuen hura ez dela, bere horretan, progresioen kontrakoa, hirugarren gradua kontrol telematikoaren bidez ezartzearen aurkakoa baizik. Halere, behin errekurtsoa jarrita, gradu progresioa eten egiten da behin-behinean, eta presoek espetxera itzuli behar dute. Hala da 2022an Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina dela medio. Kasu honetan, Agirresarobe, Alberdi eta Narvaez Martuteneko espetxean (Gipuzkoa) daude preso.

Hori ikusita, euskal presoen eskubideen aldeko plataformak zalantzan jarri du fiskalaren erabakiaren oinarri juridikoa, eta salatu du halako erabakiak «oztopo» direla elkarbizitzarako bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.