Agurne Barruso izendatu dute Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi

Jose Luis Sukiaren lekua hartuko du. Agurne Barruso Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da azken zazpi urteetan.

Agurne
Agurne Barruso, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 16a
11:57
Entzun

Ikastolen Elkarteak zuzendari nagusi berria du: Agurne Barrusok hartuko du kargua. Jose Luis Sukia ordezkatuko du lan horretan, erretiroa hartuko baitu ikasturte honetan. Barruso Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da azken zazpi urteetan.

Ohar bidez azaldu dutenez, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari nagusi, eta, Sukiarekin batera, trantsizio bat egiten aritu da ordutik. Gaur egin dute publiko aldaketa: «Urte hasierarekin batera hartu du [Barrusok] Ikastolen Elkarteko gidaritza».

Barruso Bergaran jaioa da, 1969an, eta azken zazpi urteetan Gasteizko Armentia ikastolan aritu da zuzendari. Orain, «ilusioz» heldu dio kargu berriari, eta, «erantzukizun handia» izango delakoan badago ere, «motibatuta» iritsi da. «Garai hauetan, mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea... Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara», nabarmendu du.

Garaia ere interesgarria iruditzen zaio. Batetik, pedagogia alorrean, Ikastolen Elkartearen hezkuntza marko orokor berria aurkeztu zuten urte amaieran, eta hura «hedatzen» ari dira orain. Bestetik, maila instituzionalean, Ikastolen VII. Batzarrari begira daude, eta batzar horretan landuko eta bozkatuko dituzten dokumentuak lantzen aritu den lantaldeko kidea ere bada Barruso: «Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin, haiei aurkeztuko diegu egindako lana, eta guztion ekarpenekin eta zuzenketekin landuko dugu VII. Batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena. Batzarra izango da ikastolen ildo estrategikoak markatuko dituen abiapuntua. Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu».

Sukiak, erretiroa

Orain arte Jose Luis Sukiak izan duen postua hartuko du Barrusok; izan ere, ikasturte honetan hartuko du erretiroa Sukiak. Bitartean, azaldu dutenez, Barrusoren eta zuzendaritza taldearen alboan arituko da lanean.

2016ko irailean hartu zuen zuzendari nagusiaren kargua Sukiak, Imanol Igeregiren partez. 1993tik aritu da ikastolen mugimenduan lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.