Lokarriren bukaera. Ekitaldia

Agurra, baldintza onenetan

«Bizikidetzari» bere azken ekarpena eginez eten du jarduna Lokarri herritarren sareak.Euskal presoak Euskal Herriratzeko akordioa erdiestea lehentasuntzat jo du Alberto Spektorowskik

Agur ekitaldia egin zuen Lokarrik atzo, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Lehen lerroan, Paul Rios, Brian Currin eta Alberto Spektorowski. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Agur esan du Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak. Amaiera eman dio bederatzi urteko jardunari. Baina «bakea eta bizikidetza» lortzeko lan egiten jarraitu behar dela adierazi zuen Paul Rios Lokarriko eledunak atzo Bilboko Campos Eliseos antzokian egindako agur ekitaldian. Atzera begirakoa egin zuten ospakizunean. Baina irudikatu zuten etorkizuna ere. Amets bat balitz bezala aurkeztu zuen Lokarrik 2020ko Euskal Herriaren egoera nolakoa izatea nahi duen. Biktimen aitortza, ETAren armagabetzea, salbuespen legeen desagertzea eta eragileen arteko oinarrizko akordioak irudikatzen dituzte, besteak beste, bost urte barrurako.

Aurrera jarraitzeko mezua azpimarratu zuten, beste askoren artean, Brian Currin eta Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek. Bide horretan, HNTko kideek lehentasuntzat jo dute alderdien arteko fronte bat osatzea euskal presoak Euskal Herriratzeko.

Alderdi eta eragileen ordezkaritza zabala bildu zen herritarren sarearen agur ekitaldian. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako idazkaria, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena Sortuko kideak, Iñigo Iturrate jeltzalea eta Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia, tartean. Ez zen Jaurlaritzako sailbururik izan.

Riosek ez zuen atzera begiratu nahi izan. «Nahiago dut irabazi den guztia gogoan izan. Suntsiketen aurrean eraiki egin du Lokarrik; konfrontazioari erantzun dio herritarrak elkartuz, eta itxaropena sortu du frustrazioaren aurrean». Etorkizunarekiko baikor agertu zen Lokarriko bozeramailea. «Gaur-gaurkoz, bizikidetza eraikitzen jarraitzeko inoizko baldintzarik onenak ditu euskal gizarteak».

HNTko kideen hitzek jaso zuten txalo gehien. Spektorowskik euskal presoen aferari heldu zion zuzenean. Presoen auzia bukatzeko garaia dela azpimarratu zuen, eta, bide horretan, beharrezkotzat jo zuen Euskal Herriko alderdiek bat egitea. «Euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko akordio berezia erdietsi behar dute alderdiek. Lehentasuna da orain, eta heldu egin behar diote horri». Giza eskubideen aldeko lanean jarraitzea beharrezkoa dela azpimarratuzuen HNTko kideak.

Nelson Mandela Bakearen Nobel saridun eta Hegoafrikako presidente izandakoaren hausnarketak ekarri zituen gogora Currinek. Euskal Herriko bake prozesuari ekarpena egin diezaiokete, haren arabera, hegoafrikarraren gogoetek: «Mandelak zioen norbere burua aldatzea dela zailena, gainerakoak aldatzea baino gehiago». Eta «bakearen aldeko borrokak» ikuspegi hori eskatzen duela iradoki zuen. Lanean jarraitzea beharrezkoa da, Currinen ustez. «Agur dio Lokarrik. Baina bake prozesuak aurrera egin dezan lanean jarraitu behar da».

Lokarriren jardunari buruzko adierazpenak egin zituzten alderdi politikoek ere. Joseba Egibar jeltzalearen arabera, «ETAren bortizkeriarik gabeko bake agertokia» lortzen lagundu du Lokarrik. Eta Oscar Matute EH Bildu koalizioko parlamentariaren iritziz, «rol garrantzitsua» izan du herritarren sareak Euskal Herriko azken urteetako historian. «Itxaropena ekarri du garai ilunetan». Lokarriren lana aintzat hartu dute PSE-EE eta PPk. Baina ETAren desagerpenarekiko «rol aktiboagoa eta gogorragoa» espero zutela adierazi zuten bi alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.