Zigorra osorik beteta, gaur goizean aske geratu da Agurtzane Delgado Ermuko (Bizkaia) euskal presoa. Hemeretzi urte eman ditu preso. Alboloteko espetxetik (Granada, Espainia) irten da, senide eta lagunak kanpoan zain zituela, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
Delgado 2000n atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Baionan. Bederatzi urteko zigorra ezarri zioten, baina 2007an Espainiaratu egin zuten, Lola Lopez Resinorekin batera, eta, Auzitegi Nazionalean epaitu ostean, hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Espainian espetxealdia betetzen ari zela, aktiboki hartu zuen parte Granadako espetxeko emakume presoek egindako borroketan. 2017an, bakartzea ezarri zioten, baita Ainhoa Mujika presoari ere, kartzela horretako eskubide urraketak salatzeagatik.
Bestalde, joan den abenduaren 28an Jon Urretabizkaia Elorrioko (Bizkaia) presoa Huelvako (Espainia) espetxetik atera zen, hogei urteko espetxealdia bete eta gero. Hain zuzen, 2000. urtean atxilotu zuten, eta Euskal Herritik urrunduta igaro zituen bi hamarkada. Dozenaka senide eta lagun zituen zain presondegitik irtetean.
Arregi Erostarbe eta Fraile
Herenegun, berriz, Joseba Arregi Erostarbe preso oñatiarra Alacanteko (Espainia) Villena espetxetik Asturiasko (Espainia) Villabonara gerturatuko zutela iragarri zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak. Arregi 1992an atxilotu zuten, Bidarten, ETAko buru izatea egotzita. 2000. urtean Frantziatik Espainiara eraman zuten, eta 30 urteko kartzela zigorra betetzen ari da ordutik. 73 urte ditu oñatiarrak, eta dagoeneko beteta dauzka zigorraren hiru laurdenak. Gerturatu arren ez diote gradua aldatuko, eta lehen graduan jarraituko du.
Bestalde, Gorka Fraile Iturralde Durangoko presoari (Bizkaia) hirugarren gradua ematea erabaki du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. 1998ko apirilean sartu zuten espetxean. 21 urte daramatza kartzelan, eta larriki gaixo dago. Bigarren graduan zegoen Fraile orain arte, eta espetxetik irteteko hainbat baimen zituen. El Duesoko kartzelan (Kantabria, Espainia) dago preso, eta bertako Tratamendu Batzordeak proposatu du Iruñeko espetxera eramatea.