Eskua luzatu, baina berehala itxi. Asteartean Laura Perezen aldeko legebiltzarkideek lasaitasunerako deia egin zioten Nafarroako Ahal Dugu-ko zuzendaritzari, baina ordu gutxiren buruan gatazka piztu dute parlamentu taldean. Mikel Buil eta Tere Saez taldeko eledun eta eledun alboko karguetatik kentzeko proposamena aurkeztu dute, eta haien ordez Carlos Couso eta Fanny Carrillo proposatu dituzte. Mugimenduon azkartasunak eta barne krisiaren gordintasunak kezkatuta dauzka Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra. Gobernuari dagokionez Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak jendaurrean aitortu du «kezkatuta» daudela.
Hala ere, lasaitasuna erakutsi nahi izan du Aierdik. Legealdiaren azken txanpari begira egonkortasuna behar du gobernuak, eta, alderdi baten egoeraz harago,helburua zehaztu du: «Gobernua, beti bezala, lanean ari da herritarren lehentasunei eta beharrei erantzuteko». Gogora ekarri du aurtengo aurrekontuak onartuta daudela, zerga neurri berriak abian daudela eta egitasmo ugari dituztela. Orain arteko bide beretik jarraituko dute.
Gobernuko iturriek ere lasaitasun hori zabaldu nahi izan dute. Barne krisia areagotuz gero, egonkortasun instituzionala baldintzatu dezake, baina gobernuak nahiago du ezer ez aurreratu. Barne iturriek aitortu dute gertaeren abiadurak harritu dituela.
Oso azkar joan da dena. Iragan ostiralean, Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Laura Perez alderditik apartatu zuen kode etikoa haustea leporatuta. Bi salaketa aurkeztu dira Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohiaren aurka, eta otsailaren 5era arte du alegazioak aurkezteko. Epe horretatik aurrera, berme batzordeak hartuko du erabakia. Perezek aldarrikatu du errugabea dela. Eduardo Santos idazkari nagusiak astelehenean Euskalerria irratian zioen ustezko urraketa bada ere «ondo baieztatu» dutela.
Asteartean, hiru legebiltzarkidek babesa agertu zioten Laura Perezi, eta haren espedientea atzera botatzeko eskatu zuten. Haien izenean, Carlos Cousok «lasaitasunerako» deia egin zuen, eta alderdi barruan «komuneko gela itxita» egoteko aholkatu zuen. Aitortu zuenez, aurreko egunetan Eduardo Santosen telefono deiak jaso zituen: «Baina nahiago izan nuen ez erantzun, beroan erantzunez gero okerrago izan zitekeelako». Irmo adierazi zuen egoerak ez ziola eragingo aldaketari.
Zuzendaritzak aurrera jarraitu du espedientearekin. Horren aurrean, lasaitasuna eskatzeari utzi, eta alderdiaren aurka altxatu dira lau legebiltzarkideak: Mikel Buil eta Tere Saez eledun kargutik kentzeko eskaera aurkeztu zuten herenegun. Hori jakin eta gutxira, Saezek salatu zuen Laura Perezek alderdia «bahitu» duela. Egun batzuk lehenago, Perezen aldeko adierazpenak egin zituen; asteartean babesa agertu zutenen alboan aurkeztekoa zen, baina ez zuen halakorik egin, eta Buil eta Ainhoa Aznarezen taldearekin identifikatu dute besteek.
Lau parlamentariek esan zuten ez zegoela arrazoi pertsonalik eledun karguetatik kentzeko proposamenaren atzean. «Egungo alderdiko zuzendaritzarekin ados ez dagoen gehiengo bat dago parlamentuan», zioten, eta «esku artean dituzten mekanismoak» erabiltzeko prest agertu ziren.
Azken orduetan, Diario de Navarra-ri eskainitako elkarrizketan, Cousok tonua gogortu du: «Santosek eta haren aldeko presio taldeek ustelduta dauzkate kontseilu politikoa eta berme batzordea». Ohartarazpen bat bidali dio Pablo Iglesiasi: «Madrildik Nafarroan norabide aldaketa bat erabaki eta urak bere bidera itzultzen ez diren bitartean, ez gara alderdiarekin identifikatuko».
Komuneko gelak itxita eduki behar direla esatetik, ateak parez pare ireki dira eta haizagailua piztu da. Bozgorailu gisa eskuin mediatikoa erabili dute, eta krisia primeran baliatu du hark.
Egungo gehiengoa baldintzatu dezake. Alde batekoak zein bestekoak bata bestearen aurka egiteko lasterketan sartu dira, eta taldeak zatitzeko bidea hartu duela ematen du. Cousok ohartarazi du ez dutela asmorik parlamentu taldea uzteko, ezta alderdiak kanporatzen baditu ere. Esan du Buil eta Saez eledun kargutik kentzeak ez duela izangobestelako ondoriorik, baina ildo ofizialak uste du kanporatu egin nahi dituztela. Astelehenean aztertuko da eskaera Eledunen Batzordean, eta ildo ofizialak proposamena auzitan jartzeko txosten juridikoa eskatuko du.
Alde batekoak edo bestekoak kanporatuak badira, atxiki gabeko legebiltzarkide izango lirateke, eta batzordeetako bozeramailetzak galduko lituzkete —aurreko legealdian Geroa Baiko bi parlamentariei gertatutakoa—. Horrek egoera zaildu diezaioke egungo laukoari. Gainera, kanporatuak Buil, Saez eta Ainhoa Aznarez badira, azken horrek Nafarroako Parlamentuko presidentetza galduko luke.
Bilera beste alderdiekin
Horregatik, egoerak kezka handia eragin du Geroa Bain, EH Bildun eta Ezkerran. Eduardo Santos hiru alderdietako ordezkariekin bildu zen atzo. Beste alderdiek gutxieneko akordio bat lortzeko eta erantzukizunez jokatzeko eskaera egin zioten Santosi. Alderdiko arduradun gisa, beste sektorearekin batera egoera onbideratzeko ardura dagokiola uste dute. Krisia kosta ahala kosta gelditu behar dela deritzote, aldaketari eragin baino lehen. Marra gorria argia da: egungo gehiengoa ez baldintzatzea.
Ahal Dugu-ren krisiak inork entzun nahi ez duen probabilitate bat zabaldu du. Urrun bada ere, hauteskundeak aurreratzeko aukera dago hurrengo bi hilabeteetan. Haatik, hipotesi hori errotik baztertu nahi dute alderdiek, eskuinari boterea oparitzea litzatekeelako. Irtenbide zaila du krisiak, baina denak galtzaile aterako diren mehatxua akuilu izan daiteke.
Ahal Dugu-ren krisiak «kezka» piztu du
Manu Aierdik azaldu du orain arteko bidetik jarraitzeko asmoa duela gobernuak. Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak bi sektoreei deia egin diete gatazka geldiarazteko eta ados jartzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu