Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ezkerreko esparru konfederalean, gaur-gaurkoz, ez dago zubiak eraikitzeko ekimenik, azken urtean elkarrengandik aldendu diren eragileen artean. Madrilen, PSOE-Sumarren gobernuari begira Podemosek erakutsi duen muturreko desadostasunak eta kritika garratzak erabateko eragina daukate Hego Euskal Herriko ezkerreko esparru horretan: Ahal Dugu-k erabaki du bere bidea Nafarroako Zurekin-en eredutik aldenduta egitea, moreen Espainiako zuzendaritzarekin lerrokaturik.
Richar Vaquerok gidatzen duen alderdiarentzat ez dira alferrik izan Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeei begira Sumarrekin batera koalizioa egiteko saio antzuak eta negoziazio horietan Sumarrek erakutsitako jarrerak; ezta Gasteizko ganberan zituen sei ordezkarien galera ere, noski. Kontua da ezkerreko esparru konfederal horretatik kanpo ere eragiten duela ezinikusi horrek, eta euskal politikan bere isla duela; ez apala, gainera.
Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan, zutoinean jo zuen PP eta Vox Moncloara iristeko saioak. Sanchezek gobernuari eutsi diezaion, Podemosen eta Sumarren azken orduko gutxieneko aliantza ezinbestekotzat jotzen dute bozen emaitzak aztertzen dituzten aditu askok. Zenbat iraungo du, ordea, egungo gobernuak Madrilen? Galdera horrek euskal alderdi guztien bide orriak baldintzatzen ditu, PSOE-Sumarren exekutiboaren egoerak gero eta ahulagoa ematen baitu; Sanchezekin ezin jakin, hala ere.

Estatus politikoa
Batera edo bestera, hemen eta orain, Sanchezen gobernuak jarraitzearekin lotuta dago, alderdi abertzaleen eta PSE-EEren beraren ustez, aukera izatea Madrilek onar dezan estatus politikoaren inguruko akordio bat. Horregatik ere bada garrantzitsua ezkerreko esparru konfederalean egun dauden lubakiak desegiteko ekimenik ba ote dagoen; bada, horrelako asmorik ez dago Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, eta Madrilen dagoen egoeraren isla da hori.
Ahal Dugu «sendotzeko» garaian baitago «sekulako kolpea» hartu ondoren, gidariek mikrotik kanpo onartzen dutenez. Ohartuta daude Madrilen edozer gerta daitekeela, baina beren timing-a ez dute egokitu Sanchezen ustezko boz deialdi baten arabera. «Berreraiki eta indartzeko helburua» da lehentasuna, Madrilen jazotzen dena jazotzen dela: hau da, bizirik irautea.
Horrek ez du esan nahi Sanchezek bozetara deitzen duenean —luze gabe edo agintaldi amaieran— saiorik egongo ez denik esparru hori ahalik eta batuen azaltzeko —honetara ezkero, badirudi saihetsezina izango dela boto emaileen zigorra—, baina Sumar, aliantza gisa, lehertzeko bidean egon daiteke azken urteko ihesaldiengatik eta hauteskunde emaitza txarrengatik, eta Podemos kartak berriro noiz banatuko zain dago, eta, harekin batera, Ahal Dugu.