Laurehun suhiltzaile inguruk egiten dute lan suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendurako Bizkaiko zerbitzuan. Horietatik zazpi besterik ez dira emakumeak; suhiltzaileen %2, hain zuzen. LEP lan eskaintza publiko berri bat ateratzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak plan bat onartu du zerbitzu horretan emakumeen presentzia sustatzeko. LAB, UGT eta CCOO sindikatuek «larritzat» jo dute plana: «Aldundiak ahal izan duen guztia egin du emakumeak suhiltzaileen zerbitzuan sartzeko ekintza positiboko neurriak saihesteko». Euren arabera, emakumeentzat gordetako lekuak gutxitu ahal izateko onartu dute enplegua sustatzeko plan hori.
LABeko Fuencisla Garrofe, UGTko Julen Gallastegi eta CCOOko Jose Saez ordezkari sindikalek azalpenak eman dizkiote BERRIAri. Adierazi dutenez, hautaketa prozesu bat martxan jartzeko, beharrezkoa da berdintasun plan bat onartua izatea. «Berdintasun plana izan ezean, 12/2023 suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei buruzko legeak dio enplegua sustatzeko plan bat egin beharra dagoela». Bi negoziazio mahai egin zituzten, eta aldundiak plan bat aurkeztu zuen gero, ELA sindikatuaren laguntzaz. Langile Batzordearen gehiengoaren iritziz, berriz, planak ez du «helburu zehatzik» ezartzen, eta ez dio legeari erantzuten.
Legeak jasotzen duenez, «suhiltzaile, sarjentu, ofizial eta ikuskatzaile kategorietan txanda irekiaren bidez sartzeko hautaketa prozeduretan, emakumeek bete beharreko leku kopurua zehaztuko da, dagokion suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuan emakumeen eta gizonen presentzia orekatze aldera». Planik egon ezean, gutxienez lanpostuen %25 eta gehienez %40 erreserbatu behar dituzte emakumeentzat. Kasu honetan, baina, plana sortu dute, eta eskainiko dituzten 23 lekuen %10 erreserbatuko dituzte. Hau da, bi leku. «Toki gutxi batzuk baino ez dizkiete gorde; gauza bera da hori egitea eta ezer ez egitea», salatu dute LABeko, UGTko eta CCOOko ordezkariek.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, plana «errealista» da, «hautaketa prozesuetan emakumeen parte hartzea sustatzeko ekintza positiboko neurriak» jasotzen ditu, eta «egungo egoerara egokitua» dago. Are, adierazi dute bat egiten duela legearekin. «Aldundian irmoki defendatzen dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, baita larrialdi zerbitzuetan ere, historikoki maskulinizatuta egon den eremua baita».
Aldundiak premiazkotzat jo du emakume suhiltzaileen ehunekoa areagotzea, eta adierazi du hori dela planaren helburua, «betiere hartzen diren neurrien arrazionaltasuna eta proportzionaltasuna kontuan hartuta». «Planaren helburua da hautaketa prozesuetan parte hartze handiagoa izatea eta progresiboki sartzea erraztea, gaitasun, merezimendu eta prestakuntza berme osoekin. Azken finean, pixkanaka presentzia orekatuago baterantz aurrera egitea».
«Bizkaiko Aldundiak ezarritako ehunekoarekin, gutxi gorabehera 80 urte beharko dira legean jasota dagoen ehuneko hori lortzeko; hau da, 400 langileetatik 132 emakumeak izateko»
FUENCISLA GARROFE LAB sindikatuko ordezkari sindikala
Suhiltzaileen legeak dio ekintza positiboko neurriak hartu behar direla emakumeak langileen %33 izan arte. «Foru Aldundiak ezarritako ehunekoarekin, gutxi gorabehera 80 urte beharko dira legean jasota dagoen ehuneko hori lortzeko; hau da, 400 langileetatik 132 emakumeak izateko», zehaztu dute sindikatuetako ordezkariek. Eta aldundiari leporatu diote neurriak ezartzeko «interes eta asmorik» ez izatea. Gutxienez %15eko erreserba —hiru leku— eskatu zuten LABek, UGTk eta CCOOk.
«Zentzuzko neurriak dira, diagnostikoan oinarrituta», esan du aldundiak. «Suhiltzaileen azken lan eskaintza publikoan, emakumeen parte hartzea %5,07koa izan zen». Sindikatuak, baina, ez datoz bat erabakiarekin: «Portzentajea ezartzeko, azken LEPean aurkeztu ziren emakumeak izan dituzte kontuan, eta portzentaje horretan oinarritu dira oraingoa ezartzeko; baina ez dute kontuan hartu 11 emakumek gainditu zutela, aurkeztu zirenen ia erdiek. Zergatik ez dute ehuneko hori ezarri?». Argi utzi dute aldundiak ekintza positiboko neurriak hartu behar dituela, emakumeek prozesuetan parte hartzen dutenean bidea irekia izan dezaten. «Ezin dute itxaron emakumeek izena eman arte; bidea erraztu behar dute». Sindikatuen iritziz, legeak ezartzen duen gutxieneko %25a saihestu ahal izateko egin du plana aldundiak.
%15 baino gutxiagoren aldea
Erreserbaren eraginkortasuna, gainera, mugatua izango da. Emakume batek lehentasuna izango du baldin eta puntuazioan %15 baino gutxiagoren aldea baldin badu gizon batekin. «Hori ez da inoiz gertatuko, lehiaketako puntuak barne hartzen direlako eta hautaketa prozesuaren %25 direlako». Neurri hori aplikatuko litzaiekeen hautagai berriek ez dute esperientziagatiko punturik izango. «Gizonek izango dituzte puntu horiek, haiek ari direlako orain lanean».
Lan poltsan egindako aldaketak ere urriak direla salatu dute. Azaldu dutenez, egunean batez beste 60 langile daude lan poltsan ordezkapenak egiten. Zerrenda egiteko ere lan eskaintza publikoan ateratako nota hartzen duten kontuan, merituak barne.
«Barregarria da [lan poltsan egindako aldaketa]; egin duten bakarra da sei emakumeri ikastaroa jasotzeko aukera eskaintzea, eta gero hamarretik bati deituko diote»
JULEN GALLASTEGI UGT sindikatuko ordezkari sindikala
Ordezkapenak egin ahal izateko, suhiltzaileek ikastaro bat egin behar dute derrigorrez. Azken lan eskaintza publikoan ikastaroaren bi edizio egin zituzten, eta bakoitzean 24 langilek hartu zuten parte. «Emakume bakarrak egin zuen ikastaroa». Sindikatuen eskaera honako hau izan zen: «Beti hogei emakume inguru egotea ordezkapenak egiten». Horrela, hurrengo lan eskaintza publikorako puntuak pilatzen joango lirateke. Sindikatuek adierazi dutenez, «etorkizunerako proposamena» izanda, bitarteko langileei ez lieke kalterik egingo. Bide batez, gogorarazi dute zerbitzuan bitarteko funtzionario emakumezko bakarra dagoela eta, beraz, desoreka bat dagoela «abiapuntutik».
Aldundiak, ordea, ez zuen proposamena onartu. Horren ordez, emakumeentzako leku gehigarriak gehitu dituzte bitarteko langileak gaitzeko prestakuntza ikastaroetan. «24ko taldeak izan ordez, 27koak izango dira, hiru leku horiek emakumeentzat izanik». Ikastaroen bi edizio egingo dituzte. Hortaz, sei emakumek izango dute formakuntza jasotzeko aukera. Eta, gero, hamar ordezkapenetatik bat eskainiko diote emakume bati. «Barregarria da hori; egin duten bakarra da sei emakumeri ikastaroa jasotzeko aukera eskaintzea, eta gero hamarretik bati deituko diote», kritikatu dute.
Planak «neurri errealistak» jaso dituela berretsi du aldundiak, eta aurretik ere ekintza positiboko neurriak sustatu dituztela beste lan eskaintza publikoetan, emakumeak zerbitzuan sar daitezen errazteko; hala nola proba fisikoak genero ikuspegitik lantzea, edota haurdunaldi, erditze edo erditu ondoko kasuetan proba horiek atzeratzea. Horrez gain, jakinarazi dute zerbitzurako Berdintasunerako Barne Plan bat lantzen ari direla, «estrategia hori indartuko duena, kontziliazioarekin eta lan osasunarekin lotutako neurriak jasoz, baita indarkeria matxista prebenitzeko eta instalazioak hobetzeko neurriak ere».
Oharra sindikatuei
Plana negoziatzen ibili bitartean, bitarteko langileen ohar bat jaso zuten sindikatuek. «Sinatu zuten guztiak gizonak ziren; ez zegoen emakumerik», jakinarazi dute. Zera adierazi zuten gizonek oharrean: «Aukera berdintasunaren aldeko neurriak babesten ditugun arren, uste dugu deialdietara emakume gehiago aurkezteko neurri eta ekintza pragmatikoak indartzean jarri behar dela arreta, eta ez lekuak erreserbarako portzentajea zehaztean».
«Planaren helburua da hautaketa prozesuetan [emakume] gehiagok parte hartzea eta progresiboki sartzea erraztea, gaitasun, merezimendu eta prestakuntza berme osoekin»
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Langileen arabera, lanpostuen erreserban ahalik eta portzentajerik handiena ezartzea «ez da modua, baizik eta emakumeek bai sarbidea eta bai suhiltzaile moduan aritzean ahalbidetu eta sustatzen dituzten neurriak eta ekintzak bultzatzea». Proposamenak ere egin zituzten oharrean: «Komunikabideetan emakume suhiltzaileak beren lanpostuetan ikusaraztea, amatasuna kontuan hartuko duten baldintza bereziak, edota eskola eta institutuetan hitzaldiak ematea». Are gehiago, euren jarrera berraztertzeko eskatu zieten sindikatuei, eta aldundiaren proposamen «zentzuzkoagoaren» alde egiteko.
Sindikatuek ez zuten bat egin oharraren edukiarekin. Euren ustez, «informazioa okerra» zabaldu da langileen artean. «Lan asko egin dugu sindikatuok; izan ere, gogoratu behar dugu beste arlo batzuetan ez dugula hemen dugun inflexio puntua», esan dute, eta nabarmendu ordezkari sindikalak diren heinean lankideen lanpostuak defendatzearen alde egin dutela beti, bitarteko langileek duten balio erantsiaren defentsa eginez.
EH Bildu ere kezkatuta
Sindikatuak ez dira planarekin kezkatuta agertu diren bakarrak. Maiatzaren amaieran, EH Bilduk interpelazioa egin zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bea Ilardia batzarkideak galdetu egin zuen ea zergatik onartu duten «presaka eta korrika» egindako plan bat: «%25eko erreserba saihesteko, plantxo bat egin da, legearen espirituarekin bat egiten ez duena». Ilardiaren ustez, hori ez da «berdintasunaren alde» egitea: «Itxurakeria besterik ez da».
EH Bilduko kideari erantzunez, Ager Izagirre Loroño Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko foru diputatuak esan zuen planak «emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko mandatu arau emaileak» betetzen dituela, baita «ekintza positiboen legezkotasuna eta jurisprudentzia» ere. Izagirrerentzat plana «serioa eta eraginkorra» da, eta «pauso irmoa» izango da emakumeak «baldintza berdinzaleak» izan ditzaten lanpostua lortzeko bidean. Planak 2027ra arte iraungo zuela jakinarazi zuen, eta euren helburua «emakumeen ehunekoa bikoiztea» zela.
«Helburua da zazpitik hamalaura pasatzea; ez da anbizio handiko helburua», leporatu zion Ilardiak foru diputatuari; sindikatuen iritzia berretsi zuen, eta adierazi urte asko beharko direla emakumeak langile guztien %33 izateko. «Hau erabaki politiko bat da guztiz, eta gu erne egongo gara, legeak ezartzen duena eta gizarteak eskatzen duena bete dadin. Horrelako planek sektore jakin batzuen maskulinizazioa iraunarazi besterik ez dute egiten, eta, hortaz, desberdintasuna iraunarazten dute».
«Horrelako planek sektore jakin batzuen maskulinizazioa iraunarazi besterik ez dute egiten, eta, hortaz, desberdintasuna iraunarazten dute»
BEA ILARDIA EH Bilduko batzarkidea
«Neurri zehatzak eskatzeko», interpelaziotik eratorritako mozioa aurkeztu zuen aste batzuk geroago koalizio abertzaleak, eta ekainaren erdialdean bozkatu zuten osoko batzarrean. Ilardiak legeak jasotzen duena ekarri zuen gogora: «Legeak argi esaten du zerbitzuan emakumeen presentzia oso desorekatua dela, eta, horregatik, ekintza positiboak eta sustapen neurri garbiak ezartzen ditu. Neurri hau legearen agindu zuzena da, eta, hala ere, aldundiak %10era jaitsi du erreserba hori, plan baten aitzakian, inolako oinarri juridikorik gabe, eta inolako azalpen zehatzik eta estrategia eraginkorrik gabe».
Are, adierazi zuen dokumentuak ez duela «helburu zehatz eta neurgarririk» ezartzen, ezta «eperik, aurreikusten diren emaitzarik eta ebaluazio sistemarik» ere. Horiek horrela, mozioan, zera exijitu zuen EH Bilduk: berdintasun plan integral bat prestatzea suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendurako Bizkaiko zerbitzuarentzat, eta kolektibo horretako deialdietan emakumeentzako lekuen erreserbaren portzentajea %10etik %25era igotzea. Lan poltsetan ere ekintza positiboak ezartzeko eskatu zuten. Mozioa, baina, ez zuten onartu: 13 batzarkidek alde bozkatu zuten, 30ek kontra, eta hiru abstenitu egin ziren.