Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, zertarako? Galdera horri hainbat esparrutatik erantzuteko konferentzia subiranista egin du Gure Esku-k, Irungo Ficoban, Gipuzkoan. Eta gonbidatuek ez diote izkin egin galderari. Iruñetik Donibane Lohizunera (Lapurdi) doan autobusak Luzaiden (Nafarroan) geldialdia izan dezan, indarkeria matxistari aurre egiteko tresna integralak bertako erakundeek izan ditzaten, gutxieneko soldata Euskal Herriko erakundeetan erabaki dadin, eta abar, eta abar. Nork bere esparrutik heldu dio galderari, eta galdera gehiago ere plazaratu dituzte. Bi kezka iturri nagusi agertu dira: burujabetzaren kausak duen mobilizatzeko gaitasun apala eta gizarte mugimenduen nolakotasuna.
Gizarte mugimenduen izaerari buruz aritzean, alderdi politikoen agendetatik kanpo aritzen direnak aldarrikatu ditu Jaume Lopezek, Kataluniako Generalitateko Berrikuntza Demokratikoko zuzendari orokor ohiak. Xabi Anza ELAko prestakuntza arduradunarekin, Jule Goikoetxea filosofo eta ekintzaile feministarekin eta Idurre Eskisabel kazetari, antropologo eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera parte hartu du mahai inguruetako batean, Naroa Iturri kazetariak gidatuta. Gizarte mugimenduen «lidergo hartzailea» defendatu du Lopezek: «Lidergo hartzailea duten gizarte mugimenduak behar ditugu, alderdi politikoen egutegiei segitzen ez dietenak». Gustatu zaio ideia hori Eskisabeli; iruditzen zaio garai batean euskalgintzak izan zuela gaitasun hori, lidergo hartzaile bat, gai izan zena agenda politikoan ere eragiteko: «Uste dut hiztun komunitate gisa aurrera egin behar badugu lidergo hartzaile horren bidetik egin litekeela aurrera».
«Lidergo hartzailea duten gizarte mugimenduak behar ditugu, alderdi politikoen egutegiei segitzen ez dietenak»
JAUME LOPEZ Kataluniako Generalitateko Berrikuntza Demokratikoko zuzendari orokor ohia
Bide horretan, Eskisabelek aldarrikatu du «subjektu politiko euskaltzale indartsu bat. Izan ere, agian ahaztu zaigu, baina sakonean gure auzia politikoa da». Gehitu du euskararen normalizazioa larrialdian dagoela esatea ez dela «kapritxo» bat. «Datu soziolinguistikoak xehatzen baditugu, jokaleku berri baten aurrean gaude, eta horri gehitu behar zaio oldarraldi judiziala, eta are gehiago, politikoa. Egiturazko zapalkuntza batean gaude».
«Subjektu politiko euskaltzale indartsu bat behar dugu. Izan ere, agian ahaztu zaigu, baina sakonean gure auzia politikoa da»
IDURRE ESKISABELKontseiluko idazkari nagusia
Irungo Ficobatik metro eskasera dago Lapurdi, eta gogora ekarri du hortik iparraldera euskaldunek ez dituztela eskubideak aitortuak, Nafarroako aparteko egoera ere aipatu du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, berriz, zera esan du: «Hizkuntza politika onak egiteko zoru egokiena dugun tokian ere ahul gaude». Eskubideak izan arren bestelako baldintzak falta direla zehaztu du. Horren harira, uste du premiazkoa dela gai batzuei lehenbailehen heltzea: «Arkitektura juridiko berri bat behar dugu, eta oinarrizko gai batzuetan orube komun bat lehenbailehen jarri behar dugu».
Goikoetxea irmoa izan da eskubideen atalean: «Gaitasunez hitz egin behar da; eskubideak estatuek ematen dituzte, eta estatuak eraldatzen ari dira. Gaitasuna behar dugu eskubideak sortzeko». Eta zera pentsatu behar delakoan dago: «Zer egitura behar ditugu gaitasun horiek aurrera eramateko?».
Mobilizazioa gogoetagai
Mobilizazioaz ere jardun du, hauxe galdetuta: «Zergatik orain arte burujabetza mugimenduak, planteatu den moduan, ez du mobilizatzen? Zer behar du ilusioa pizteko?». Horren harira, esan du: «Fronte zabalaz hitz egiten digute, baina fronte zabal horren erdian dauden gorputzak dira normalean erabakitzeko gaitasun handiagoa dutenak. Kolektibo zaurgarrienak, emakumeak, migratzaileak... non daude horiek fronte zabala egiteko orduan?».
«Zergatik orain arte burujabetza mugimenduak, planteatu den moduan, ez du mobilizatzen? Zer behar du ilusioa pizteko?»
JULE GOIKOETXEA Ekintzaile feminista
Uste du fronte zabalak eraiki behar direla «kualitatiboki». «Fronte zabalak zentzu berri bat hartu behar du; bestela, ez du ilusioa pizten. Horregatik ez dago mobilizaziorik Gure Esku-ren ardatzean: batetik, ez dagoelako errepresio zuzenik, asimilazio baketsu batean gaudelako; eta, bestetik, zer ari dira lantzen mobilizatzeko gaitasuna duten mugimenduekin, adibidez mugimendu feministarekin?».
Ikuspegi kritikoz jardun du Goikoetxeak. Uste du eztabaida juridikotik harago eraman behar dela burujabetzaren eztabaida. «Ez daukazu lege bat soldata arrakala konponduko duenik, ez daukazu lege bat kulturaren produkzioan %83 gizonak izateari galga jartzen dionik, ez daukazu lege bat familian gertatzen den biolentzia konpontzeko, emakumeen aurkako biolentziaren %67 familian gertatzen baita. Zergatik ez da erabakitzeko eskubidearen antolakundea horri buruz hitz egiten ari? Goazen mobilizatzen ari den jende horrengana, eta gure gizartean gaitasun gutxien duten horiengana. Horiekin egin behar da fronte zabala».
Herri libre bat irudikatu du Goikoetxeak, baina askotariko subjektuekin. «Beste kategoria batzuk jarri behar dira zirkulazioan, aspalditik martxan daudenak. Arreta jarri, gauza asko proposatzen ari dira eta. Eliteen esku utziz gero, ez dugu lortuko mobilizaziorik, eta mobilizaziorik gabe ez dago burujabetzarik lortzerik».
«Nazioarteko egoera ikusita, burujabetza nahi izateko baldintza guztiak hor daude»
TXOMIN POVEDASoziologoa
Erradikalizazioa
Mobilizazioan jarri du arreta Anzak ere: «Ez badugu erradikalizazio prozesu bat egiten, ez dugu mobilizatuko jendea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako alderdiak negoziatzen ari diren estatutu berria ekarri du hizpidera: «Elkarrizketak modu sekretuan egiten ari dira. Urkulluren eskemarekin dabiltza: elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta galdeketa. Lau fase horietako lehen hirurak sekretuak dira. Gu ez gaude eskema horretan».
Esan du alderdi batek berak ere ez diela galdetu zer iritzi duen estatutu berriaz, eta horrek pentsarazten dio prozesua ez dela egoki egiten ari: «Zein herrialdek dute arrakasta? Herrialde mobilizatu bat duten erakunde integratzaileek. Hemen mobilizazioa badago: pentsiodunak mobilizatuta daude, feminismoa mobilizatuta dago... baina erakundeak ez dira integratzaileak: gizarte zibila diskriminatuta dago». Hori esan ostean, gehitu du alderdi politikoak garrantzitsuak direla: «Guk alderdi politikoak behar ditugu». Antipolitikaren garaia hauspoa hartzen ari den aro honetan garrantzitsua iruditu zaio hori azpimarratzea, baina ziztada batekin amaitu nahi izan du: «Agian adeitasunaren aldia amaitu behar dugu».
«Ez badugu erradikalizazio prozesu bat egiten, ez dugu mobilizatuko jendea»
XABI ANZAELAren prestakuntza arduraduna
Ipar Euskal Herrian, Batera-k abiatua du erakundetze berri baterako gogoeta bat, Iparraldearen ezagupen instituzionalari «jauzi kualitatiboa» eman nahian. Txomin Poveda soziologoak eman ditu azalpenak, Isabel Elizalde Nafarroako Landa Garapeneko sailburu ohiarekin, Ander Errasti Etika eta Filosofia Politikoko doktorearekin eta Isabel Serrano EHUko doktorearekin batera, Zelai Nikolas Eusko Jaurlaritzako legelariak gidatuta, aurretik egin den mahai inguruan.
Burujabetzaren onurak
Povedaren hitzetan, bistakoa da Ipar Euskal Herrian gehienak ez direla abertzaleak, baina, bertako biztanleentzat onura ekarriko balu, Hego Euskal Herriarekin lankidetzan aritzeko ados egongo litzateke gehiengoa, eta hainbat adibideren bidez zehaztu du hori: osasun arta, goi ikasketak eta elikadura burujabetza. Baikor mintzatu da Poveda: «Nazioarteko egoera ikusita, burujabetza nahi izateko baldintza guztiak hor daude».
«Burujabetza herritarren bizitza hobetzeko tresna bat da»
ISABEL ELIZALDE Nafarroako Landa Garapeneko sailburu ohia
Hain zuzen, hor ardaztu du Elizaldek bere hitzaldia: «Burujabetza herritarren bizitza hobetzeko tresna bat da», eta, Nafarroako Gobernuan egon zen garaia gogora ekarrita, adierazi du, hobeto edo okerrago, baina erakutsi dela Nafarroa bere burua kudeatzeko gai dela. Gaitasun horren ondoren aipatu ditu oztopoak ere. Testuinguru horretan gogoratu du zer-nolako buruhausteak izan zituzten, administrazioekin sailburu zela, Iruñetik Donibane Lohizunera autobusa eramateko zerbitzua jartzeko orduan Luzaiden geldialdia egin zezan.
Konferentziaren lehen atalean, Urtzi Urrutikoetxea, Maite Ubiria eta Antton Rouget kazetariek nazioarteko begirada ekarri dute bideo banaren bidez.
HERRI AGERRALDIA BILBONJosu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak bukatu du konferentzia subiranista, parte hartzaile guztiei eskerrak emanda. «Burujabetzaz eztabaidatzea beharrezkoa da», esan du, eta eztabaida hori herri, auzo, familia eta lagunartean zabaltzera deitu du. Horrez gain, datorren larunbatean Bilbon Herri libre bat lelopean egingo den mobilizaziora deitu du. «Herri agerraldi bat egingo dugu, nazio gisa egin beharreko jauzia bultzatzeko». Mobilizazioa koloretsua eta plurala izango dela jakinarazi du.