AHTa aurrera doala berretsi du Ana Pastorrek Iruñean

Proiektuarekin aurrera eginen du Espainiako Sustapen Ministerioak, 40.000 milioi euroko zorra izan arren

Iruñean izan zen atzo Ana Pastor, Espainiako Sustapen ministroa. I. URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Zorren gainetik, AHT abiadura handiko trenaren alde. Horixe izan da Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorrek Iruñean zabaldu duen mezua. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinarekin batera, AHTaren tren geltoki berrirako gordetako eremura bisita egin du Pastorrek, Iruñeko Etxabakoitz auzora. «40.000 milioi euroko zorra utzi digu aurreko gobernuak; hala ere, aurrera eginen dugu proiektuan», berretsi du ministroak.

Barcinak ere argi utzi du Nafarroako Gobernuarentzat lehentasunezko proiektu bat dela abiadura handiko trena. Herrialdearen garapenarekin lotu du, zuzenean, azpiegitura hori. «Gure oraingo lana da moduak pentsatzea abiadura handiko trenak jarduera ekonomikoak eta lanpostuak sor ditzan», erran du presidenteak.

Barcinak, hain zuzen ere, egungo egoera ekonomikoari so egin dio, eta zehaztu du krisiaren eraginez abiadura handiko trenaren geltoki berria «faseka garatu» beharko dela. Argi utzi du, hala ere, Nafarroako Gobernuak ez duela inolako asmorik geltokiari buruzko udalez gaindiko sektore plana aldatzeko.

8.000 etxebizitza

2010. urtean onartu zuten sektore plana. Geltoki berriaren inguruan 8.000 etxebizitza eraikitzea proposatzen dute proiektuan. Nafarroako Gobernuko aurreko Sustapen kontseilari Anai Astizek geltokiaren sektore plana aztertu beharra nabarmendu zuen hainbat aldiz, ekainean kargua utzi aurretik.

Nafarroako presidenteak argi utzi du halakorik ez dutela eginen orain. Gobernuak 8.000 etxebizitza eraikitzeko asmoari eusten ote dion galdetu diote kazetariek, zuzenean, eta erantzuna zehatza izan da: «Bai, noski». Gaineratu du onartutako sektore plana indarrean dela, eta erran du proiektua garatzeko denbora izanen dela egokitu beharko dena. Tren geltoki berria egiteko lanak martxan jartzeko prozesua ahalik eta lasterrena abiatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, Abiadura Handiko Partzuergoaren bilerara deituko du lehenbailehen.

Aritz Romeo Nafarroa Baiko Iruñeko zinegotziak kritikatu egin du Etxabakoitzeko egitasmoa. 8.000 etxebizitza eraikitzeak auzoaren gizarte eta hirigintza arazoak okertuko ditu, bere ustez.

Geltokiko obrak Castejon eta Iruñerria arteko zatiko lanekin batera egin nahi dituzte. Zati horretan, Castejon eta Alesbes arteko obrak martxan dira. Alesbes eta Erriberri arteko zatiari dagokionez, oinarrizko proiektua otsailean onartu zuen Adifek. Erriberri eta Tafalla arteko zatiko oinarrizko proiektua ere egina dago, eta hilaren amaierarako Tafalla eta Campanas artekoa amaitzea espero du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.