AHTaren kontrako manifestazio nazionalerako deia egin dute

Ekainaren 13an egingo dute protesta, Donostian.Maiatzean mobilizazioak eta informazio saioak antolatuko dituzte hainbat eragilek

AHTaren kontrako kanpaina aurkeztu zuten atzo Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARP.
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abiadura handiko trena (AHT) eraikitzeko lanak gelditzeko eskatu zuten atzo, Bilbon, zenbait eragilek, eta herritarrak deitu zituzten AHTaren kontra protestatzera; ekainaren 13an egingo dute manifestazio nazionala, Donostian. AHT gelditu orain! Xahuketa gehiago ez! Herritarrok erabaki! lelopean, kanpaina bat abiatuko dute, eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zenbait mobilizazio, eztabaida eta informazio saio antolatuko dituzte. Besteak beste, mendi martxa bat egingo dute Atxondon (Bizkaia), maiatzaren 30ean.

Euskal Herriko hogei elkarte, mugimendu eta sindikatutik gora bildu dira egitasmoaren inguruan; horien artean daude: AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu mugimendua, Fracking Ez, Ekologistak Martxan, Euskal Herriko Bilgune Feminista, ATTAC, Berriotxoak, Askapena, Ernai, eta LAB, Steilas, ESK, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuak. Maiatzean atxikimendu gehiago bilatuko dituztela azaldu dute.

«Bideragarritasunik eza»

Eragile guztiek adostutako manifestuaren bidez, AHTa eraikitzearen «bideragarritasunik eza» salatu nahi dute, eta gaiaren inguruko eztabaida tekniko, sozial eta politikoa zabaltzeko eskatu dute, informazio eta erabakitze prozesu batekin batera.

LABeko Urtzi Ostolozagaren iritziz, gobernuak «faktore psikologiko bat» erabiltzen ari dira obraren parte bat eginda dagoela eta atzera bueltarik ez duela diotelarik. «Obrak gelditzen ez badituzte, etorkizunean diru asko erabili beharko da mantentze lanetarako», kritikatu du. «Gainera, AHTak ez du Euskal Herria Europarekin lotuko; eta Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotzen hartuko duen astia autobusek hartzen dutenaren antzekoa izango da». Espainiako Gobernuak otsailean jakinarazi zuenez, 40 eta 55 minutu artean beharko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuak lotuko dituzten trenek bidea egiteko; hasiera batean aurreikusitakoa baino hogei bat minutu gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.