«AHTrik ez! Herria bizirik!». Aldarri ozenek bete dute gaur Beasaingo (Gipuzkoa) Erauskin plaza. Bertan bildutako dozenaka lagunek oihu egiten zuten bitartean, Nafarroa etorbidera begira-begira ari ziren. Bertatik agertu zen lagun talde handi bat, bizikletan. Oihuak txalo bihurtu dira lehenengo bizikletak plaza zapaldu bezain laster: Beasainera iritsi berria zen AHTrako zundaketa geologikoen aurkako bizikleta martxa. Abiadura Handiko Trenaren aldarriak zekartzaten bizikletei lotutako koloretako banderetan, eta horiei batu zitzaizkie laster txirrindulariek zabaldutako pankarta zuriak; Natura eta landa lurrak suntsituz ezin da herria eraiki zioen handienak.
AHTaren aurkako zenbait plataformak osatutako Stop AHT Zundaketak ekinaldiak antolatu du hiru eguneko martxa. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotuko dituen bizikleta ibilbidea osatuko dute hiru egunez, eta bidean geldialdiak egingo dituzte zenbait ekintza antolatzeko, gaur Beasainen egin bezala. Zundaketek eta, oro har, AHTa eraikitzeak dakarren «inpaktu katea» salatu nahi dituzte, antolatzaileek esan dutenez.
Gaur, bizikletak heltzerako elkarretaratzea deituta zegoen Erauskin plazan, 13:00etan. Bertan, protestan ari zirenek Goierrin zundaketa horiekin zerikusia daukaten gertakariak salatu dituzte. Landarlan Ingurumen Elkarteko Edurne Huesak hartu du hitza, eta azaldu du maiatzaren erdialdean jaso zutela Goierriko zenbait udalek AHTaren Iruñea-Ezkio lotura egiteko ibilbide posiblea aztertzeko zundaketa lanen inguruko dokumentazioa. Huesaren arabera, zundaketa lan horietako batzuk herri lurretan egitekoak ziren, eta beste batzuk lursail pribatuetan: «Gertakari hura sorpresa handia izan zen, udalek nahiz jendarteak ez baigeneukan obra honekin aurrera egiteko asmoen inongo berririk».
Enpresak, baimen gabe
AHTaren aurkako plataformek bildutako informazioaren arabera, Goierri eskualdeko Ataun eta Idiazabal udalerriei (Gipuzkoa) eragingo diete gehien zundaketek. Hala ere, bi herri horietan zundaketez arduratu diren enpresek jarraitutako prozedura «erabat desberdina» izan dela azaleratu du Huesak. Idiazabalen, lur pribatuen jabeen datuak eskatu zizkion enpresak udalari, eta Ataunen, aldiz, enpresako ordezkariak zundaketa lekura joan eta lurjabeei ahoz ohartarazi zieten zundaketez.
Horren ondoren, plataformek salatu dute beharrezkoak diren baimenak udalei eskatu gabe hasi zirela zundaketak lur horietan egiten, ekainaren 6an: «Zorionez, Ataungo Udalak berehala geldiarazi zuen zundaketa, eta momentuz bertan behera geratu dira lanak, exijitzen dizkieten baimenak behar bezala tramitatu artean». Olaberrian (Gipuzkoa), ordea, udalak zundaketak egiteko baimena eman duela adierazi du Huesak.
«Borrokaren susperraldia»
Adi-adi entzun dute hitzartzea plazara gerturatutakoek. Pankarta baten atzean, bizikletatik jaitsi berri entzuten zion Beñat Imaz Ernaiko kideak ere: «Euskal herritarrak garen heinean, garrantzitsua da gure lurraren defentsa egitea, batez ere gazteok etorkizuna garelako».
Izan ere, martxari buruz galdetuta, balorazio «positiboa» egin dute antolatzaileek: «Jende asko etorri da. AHTaren aurkako borrokaren susperraldia dela dirudi». Herritarrek zundaketa baten berri izanez gero eman beharreko pausoak ere azaldu dituzte: «Jarri zure herriko udalarekin harremanetan, eta deitu Stop AHT Zundaketak plataformako 656711130 telefonora».
Ataundik Irurtzunerako bidea egingo dute bihar, eta, bidean zehar, Lakuntzan eta Uharten egingo dituzte geldialdiak (Nafarroa). Herri bazkariarekin emango diote amaiera ekimenari.