Aiako Talaimendi auzoan (Gipuzkoa) eraiki zuten 11 logela eta 11 komuneko txaleta eraitsi egin beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak duela urtebete eman zuen agindu hori, legez kanpo eraiki zutela argudiatuta. Baina Aiako Udalak eta etxearen sustatzaileek —Zarauzko EAJko zinegotzi ohi Maite Garrastazuren familiak— Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten. Kasazio errekurtsoa aurkeztu zuten, baina Gorenak ez du onartu, eta etxea behera botatzeko agindua berretsi du.
Joan den astean ebatzi zuen helegitea Gorenak, eta baztertu egin zituen hartan jasotako argudioak. Batez ere bi argudiotan oinarritu zuten errekurtsoa. Batetik, adierazi zuten salaketa jarri zuenak —Aire Kirolen Gipuzkoako Federazioa— ez zuela zilegitasunik horretarako. Eta, bestetik, ohartarazi zuten etxea eraisteko erabakia «oso kaltegarria» izan daitekeela «interes orokorrarendako»; izan ere, haien ustetan, etxea behera botatzeko erabakiak aurrekari arriskutsua ezar zezakeen 2006az geroztik gisa berean berreraikitako beste baserri batzuentzat.
Ordukoa baita EAEko Lurzoruaren Legea; baserriak nola eta non berrezar daitezkeen arautzen du lege horrek. Errekurtsoan azaldu zutenez, etxea eraisteko aginduak orduz gero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berreraiki diren 300 baserri ingururi eragingo lieke. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, ukatu egin du hori, eta adierazi du ez dagoela baieztapen hori arrazoitzeko oinarri juridiko nahikorik. Gorenaren epaia irmoa da, eta ezin dakioke helegiterik aurkeztu.
Azken hitza falta
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak izango du orain azken hitza. Eta joan den urteko urtarrilean emandako epaia berretsi edo ez erabaki beharko du. Epai hark bertan behera utzi zituen Aiako Udalak etxea eraikitzeko emandako baimenak, tartean legearen salbuespenezko interpretazioa egin eta jatorrizkoaren leku berean ez baizik eta aparte samarrean berreraikitzeari bide eman ziona. Kasu honetan, jatorrizkotik 200 metrora eraikita dago etxe berria. Baliogabetu egin zuen, halaber, etxe horretara iristeko bidea eraikitzeko baimena ere.
Gainera, auzitegiak bidea ireki zuen etxearen jabeei eta eraikuntzan parte hartu zuten teknikariei isuna ezartzeko. Etxearen sustatzaileei bi milioi eurotik gorako isuna jar diezaiekete. Baina horri etxea behera botatzeak eta eremua lehen bezala uzteak dakarren kostua gehitu beharko zaio. Auzia hamarkada luze batez ibili da epaitegietan, eta gaur arte bide malkartsua izan du. Urtea amaitu aurretik etor daiteke behin betiko erabakia. Edonola ere, beste auzibide bat ere zabalik dago, Zarauzko Udalak etxe hori urez hornitzea erabaki izana epaitzeko.