'Aiaraldea' hedabideak jaso du Argia saria prentsaren atalean

Tubacexeko greba luze-zabal jorratzeagatik eman diote saria. Lanuztea hurbiletik kontatzea eta kazetaritzan eredu izatea txalotu du 'Argia'-k

Aiaraldea-ko kideak, saria jasotzen. DANI CLANCO.
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Laudioko eta Amurrioko Tubacexeko langileen greba, erresistentzia eta bizipenak hurretik kontatzeagatik», Aiaraldea hedabideari eman dio Argia-k aurtengo prentsaren saria. Arabako eskualde horri buruzko informazioa euskaraz eta hainbat formatutan eskaintzen du Aiaraldea-k, eta herriok astindutako lanuztea gertutik kontatu izana txalotu du epaimahaiak: «Herriko historian mugarri diren gertaerak txikitik ere kontatzen dira. Aiaraldea.eus-eko lagunek horixe egin dute, eta ondo egin ere, eskura dituzten kazetaritza tresna guztiak erabiliz».

Gainera, Argia-k gogora ekarri du hedabide independenteen oinarria komunitatea dela, eta, ildo horretan, Aiaraldea-ren jarduna kazetaritza komunitarioaren eredutzat jo du: «Kazetari lantalde profesionala txikia izanik ere, informatzeko gogoak bultzatuta musu truk aritzen den kolaboratzaile sare oparoaren informazioak handitu egiten du eragiteko gaitasuna. Ingurunean errotuta egoteak bermatzen du baliabide faltagatik bestela ezinezkoa litzatekeen kazetaritza jarduna».

Hain justu, saria «eskualdearena eta komunitate osoarena» dela nabarmendu du Aimar Gutierrez Bidartek: «Boluntarioen lana ezinbestekoa izan da». Tubacexeko beharginak ere gogoan izan ditu Aitor Aspuru Saezek: «Langileek jarri dute eskualdea munduan». Aiaraldea-ko kideek «ohoretzat» hartu dute Argia sariaren aitortza: «Jarraituko dugu gure eskualdearen egunerokoa euskaratik eta euskaraz kontatzen».

Internet bidez

Aurten, bigarrenez, webgunearen bidez ari da Argia aldizkaria bere sarien berri ematen. Astelehenean, Dapa egitasmoak jaso zuen ikus-entzuneko saria, kultura sormenari buruz egindako dokumental laburrengatik. Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak sortua da, eta BERRIAren webguneko Kultura sailean ere ikusgai dago. «Euskal Herri luze-zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu, artistak protagonista eta narratzaile dituztenak», epaimahaiak azaldu zuenez. Bi urte ditu Dapa proiektuak, eta 27 dokumental labur plazaratu dituzte orain arte.

Larunbatera bitarte, beste lau aitortza banatuko dituzte: Internet, irratia, komunikazio kanpaina eta merezimenduzko saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.