Hedabide bat argitaratzeak lan asko du atzean, eta are langile gehiago. Haietako batzuk egunkarietako orriak irakurtzean identifikatu daitezke, izen eta abizen, baina beste asko ez. Azken horietakoa zen Ainhoa Albisu. Bide luzea egin zuen euskal prentsan, Euskaldunon Egunkaria-n lehenik, eta BERRIAn gero. Diseinu taldean lehenik, eta administrazio lanetan gero. Gaur hil da, ondoez baten ondoren.
Donostiarra zen Albisu, Parte Zaharrekoa. Harekin lanean aritu zirenek azaldu dutenez, «langile fina» zen, eta egiten zuen horren «militantea». Hain zuzen, militantzia horrek ondorioak ekarri zizkion. Izan ere, Albisu Egunkaria auzian auzipetu zuten, auzi ekonomikoan, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarenarekin batera. Albisurentzat bederatzi urte eta bi hilabeteko espetxealdia eskatu zuten.

Amesgaizto hura 2003ko otsailean hasi zen, guardia zibilek Egunkaria indarrez itxi zutenean, eta ez zen amaitu 11 urte igaro arte. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2014ko urrian itxi zuen behin betiko auzi ekonomikoa, egotzitako delituek preskribatu zutelako. Halere, kaltea egina zegoen, Iñaki Uriak orduan azaldu zuen moduan: «Baina zigorra jaso dugu: Egunkaria itxi zuten, atxiloketak, inkomunikazioa, torturak, 11 urte pasako auzibidea... Horren denaren ondorioak handiak dira, kolektiboki eta pertsonalki. Zama handia eraman dugu 11 urtean».
Pairatutako jazarpenaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Plakarekin saritu zuen Egunkaria, «pentsamolde guztietako euskaldunak batzeko izan duen gaitasunagatik». Orduan, Albisu izan zen Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanoren eskutik plaka jaso zutenetako bat. Are gehiago, auzibide luze hark ez zuen eten Albisuren lanerako gogoa, eta administrazio lan horiei eutsi zien 2003an bertan martxan jarri zen proiektuan, BERRIAn, eta bertan ari zen lanean.