Ainhoa Delgadori emango diote Txillardegi-Hausnartu saria

Kimetz Perez-Harisperentzat izango da bigarren saria, eta hirugarrena, Mikel Gartziarenarentzat. Abenduaren 19an banatuko dituzte soziolinguistika sariak.

Ainhoa Delgado, artxiboko irudi batean. SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Ainhoa Delgado, artxiboko irudi batean. SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 28a
11:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuk, zergatik ez? Hizkuntza hautua finantza entitateen zerbitzu digitaletan. Lan hori ondu du Ainhoa Delgadok, eta horixe saritu diote: Txillardegi-Hausnartu saria emango diote. Lehen saria jasoko du, hain zuzen ere, euskararen «bizitasun digitala» aztertu izanagatik. Kimetz Perez-Harisperi emango diote bigarren saria, eta hirugarrena, Mikel Gartziarenari. Abenduaren 19an egingo dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzten sari horiek banatzeko ekitaldia, Gasteizen.

Antolatzaileek eman dituzte Delgado saritzeko arrazoiak. Andras Kornai hizkuntzalariaren teoriatik abiatuta eta finantza entitateen zerbitzu digitalak aitzakia hartuta ondu du lana Delgadok. «Bizirik nahi badugu, euskarak sarean egon behar du ezinbestean. Egote hutsa, ordea, ez da nahikoa; erabili egin behar da». Hain zuzen, eskaintza eta eskaria aztertu ditu, hizkuntza aukeratzerakoan eragina duten faktoreak identifikatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko estrategiak proposatzeko. Eta zenbait ondorio atera ditu: «Ikerketak erakusten du hizkuntza hautua ez dela neutroa eta hainbat faktorek baldintzatzen dutela: araudiak, euskarri digitalen konfigurazioak, erabiltzaileen gaitasunak, zerbitzua eskaintzen duenaren proaktibitateak...».

Kimetz Perez-Harispek jasoko du bigarren saria. Beren-beregi ikertu du Baionako Estitxu Robles kolegioaren egoera Hirigune frantses batean euskaraz ikastearen oxymorona: Baionako Estitxu Robles Kolegioaren kasua lanean. Kezka batetik abiatu zen: Baionako Estitxu Robles Kolegioko irakasleak kezkatuta zeuden kolegioko ikasleen euskara mailagatik eta praktika faltagatik. Hasieran, besterik gabe ikasleen hizkuntza praktikak aztertzea otu zitzaion. Baina: «Kolegioak praktika horietan zuen eraginaz ohartu nintzen». Horregatik, lana zabaltzea erabaki zuen: «Nerabeentzako, hirigune frantses batean euskaraz ikasteak eragiten duena ezagutzea, haien hizkuntza praktiketan erreparatuz eta testuinguru horretan kolegioaren diskurtso edo estrategiak arakatuz». Eta proposamenak ere egin ditu: «Hizkuntza gutxituan irakasten duten ikastetxe geroz eta gehiagotan den arazo horri beste begirada batetik ikusteko proposamenak egiten dira, munduan zehar antzeko egoeran direnei buruzko lanetan oinarrituak».

Hirugarren saritua, berriz, Mikel Gartziarena izango da, Irakaslegaiak euskararen sistole: bizi a(ha)la iraun? Euskal Herrian euskararen transmisioan gako izango direnen azterketa lanagatik. Hauexek izan ditu aztergai: irakaslegaien euskararekiko eta gainerako hizkuntza kurrikularrekiko jarrerak eta autopertzepzioak. «Emaitzek erakusten dute euskara atxikimendu eta identitatean ardatz dela, eta, oro har, gaztelaniaz eta euskaraz dituztela gaitasun eta erraztasun mailarik altuenak, hurrenez hurren». Halaber, ikusi du datuek estrategia berrien premia azaleratzen dutela, «praktika esanguratsuagoak garatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.