Maria Jesus San Josek gidatzen duen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira azken asteetan. San Jose sailburuak Gobernu Kontseiluan jakinarazi du gaur Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari berriaren izendapena; Ainhoa Zugastik ordezkatuko du Jagoba Alvarez. Azken horrek dimisioa eman du «arrazoi pertsonalak» tarteko. Alvarez historialaria da eta irakasle gisa zuen lnera itzuliko da.
Orain hilabete inguru, Alfredo Retortillo sailburuordeak ere kargua uztea erabaki zuen, arrazoi bertsuengatik, eta Arritxu Marañonek hartu zuen haren lekua, PSE-EEren ordezkari gisa zenbait ardura izan dituen militantea, 1995ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Gazte diputatu izendatu zutenetik.
Zuzenbidean lizentziaduna da Ainhoa Zugasti, eta Zuzenbide Publikoan espezializatua dago: Nazioarteko Ekintza Humanitarioko Masterra du Biktimen Arretarako zuzendari berriak. San Joseren sailean hasi aurretik, aholkulari juridikoa izan da Mungiako Udalean eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan. Azken horretan, Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna ere izan da. Gaur egun, aholkulari juridikoa zen Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzan.
Giza eskubideekin lotutako jardueretan ere esku hartu du —Bilboko Amnesty Internationalen aktibista izan da—, eta boluntario lanak egin ditu Intolerantziaren Aurkako Mugimenduan.
Antolaketa berria sailean
Zugastiren izendapenak burura eraman du Justizia eta Giza Eskubideen Saileko berrantolaketa. EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritza osatzeko azken akordioari esker, sozialistek Justizia eta Giza Eskubideen Saila kudeatzea lortu zuten. Aurreko legealdian, EAJren esku zegoen sail hori: Nerea Melgosa zen sailburua, baina PSEk memoriaren edukiari begira giltzarri den esparru hori bereganatu zuen, eta, esaterako, Gogora institutuan zuzendari berri bat jarri zuen, Aintzane Ezenarroren ordezko gisa: Alberto Alonso gipuzkoarra, PSEko legebiltzarkide izandakoa.