indarkeria matxista

Aintzane Garai

Barrika, 2005eko urriaren 15a.

2005eko urriaren 15a
05:00
Entzun

Ostiral gauean etxetik atera zen Aintzane Garai. Barrikan (Bizkaia) bizi zen, gurasoekin eta 26 urte zituen. Ez zen etxera itzuli, eta ez zen itzuliko gehiago. Larunbatean salatu zion familiak Ertzaintzari, emakumea desagertu egin zela. 

Agoniazko asteburu bat izan zen. Bilaketak antolatu zituen familiak berak, eta astelehen eguerdian aurkitu zuten Garairen gorpua, Armintza aldeko itsas labar batean, apartatutako pista batean, hilotz. Garai labankadaz hil eta bortxatu zuen bikotekide ohiak, Mikel Herman Belaustegigoitiak; 24 urte zituen gizon horrek.

Garaik eta Hermanek harremana eten zuten hilabete batzuk lehenago, baina tarteka elkar ikusten zuten. Urriaren 14ko ostiral gau hartan ere zita egin zuten, telefonoz. Garaik ez zuen ezer esan etxean; bazekien familiak ez zuela begi onez ikusiko. Gizonarekin afaldu zuen taberna batean, eta apartatutako mendi bide batera joan ziren biak, gizonaren autoan. 

Hermanek urpeko igeriketarako labana batekin mehatxu egin zion andrazkoari, eta bortxatu egin zuen. Hamalau aldiz sastakatu zuen labanarekin, eta Garai sasi artean utzita alde egin zuen. Emakumea ez zen momentu hartan bertan hil, ordea. Odolustuta zendu zen, hogei bat minutu geroago. 2005eko urriaren 15a zen, larunbat goizaldea.

Goizeko bostak aldera, Garai ez zela etxera itzuli konturatuta, amak abisua eman zuen etxean. Garairen anaiak irten ziren bila, eta arrebaren autoa aurkitu zuten Bakioko gasolindegi baten inguruan aparkatuta. Salaketa aurkeztuta, berehala hasi ziren bilaketa lanak. Bi egun oso pasatu ziren gorpua aurkitu zuten arte.

Ertzainek Garairen mutil lagun ohia atxilotu zuten, baina egunak pasatu ziren gizonak hilketa aitortu zuen arte. Poliziek ikusi zuten autoa bi aldiz garbitu zuela. Eta, hala ere, autoan Garairen DNA arrastoak aurkitu zituzten; hilketaren lekuan gizonaren DNA hondarrak ere atzeman zituzten, gainera.

Epaiketa handik urte eta erdira egin zuten. Kasua ez zuen zinpeko epaimahai batek hartu, Hermani bi delitu egotzi zizkiotelako: bortxaketa eta hilketa. Gizonak Poliziari esana zion arazo asko zituela garai hartan, lanean, familian... Prostituta batekin ezkondu berri zela, eta hori Garairi kontatu zionean emakumea haserretu egin zitzaiola ere esan zuen. Gau hartan kokaina eta alkohola hartu zituela ere argudiatu zuen. 

Epaiketan bertsioa aldatu zuen gizonak, hilketa ertzainen presioengatik aitortu zuela adierazi, baina epaileek ez zuten aintzat hartu: 32 urteko kartzela zigorra ezarri zioten azkenean. Familiaren akusazio partikularrak 47 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen. Akusazioak salatzen zuen hilketa «ankerkeriaz eta azpikeriaz» gertatu zela. Epaileek baztertu egin zuten hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.