Aire libreko zenbait eskola kirol jarduera bertan behera utzi dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan

Bi lurraldeetako foru aldundiek hartu dute erabakia astebururako iragarrita dagoen denboraleagatik. Litekeena da haizeak 120 kilometro orduko abiadura hartzea bihar.

Itsaso zakarra, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko azaroaren 3a
17:04
Entzun

Ciaran ekaitzak gutxienez alerta horian utzi du Euskal Herriaren parte handi bat, eta dagoeneko kalte dezente eragin ditu. Asteburura begira, prebentziozko neurriak hartu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek: aire libreko zenbait eskola-kirol jarduera bertan behera utzi dituzte. Larunbatean, neurriek eragingo diete mendiko ibilaldiei, hondartzako kirolei, uretakoei —arrauna, piraguismoa, surfa, arrantza, triatloia eta bela— eta futbolari. Igandean, uretakoak soilik geratuko dira bertan behera, itsasoak zakar jarraituko baitu.

Gazteen «segurtasuna eta ongizatea» kontuan hartu dituzte neurriak ezartzeko orduan, Gipuzkoako Aldundiko Kirol saileko zuzendari Marta Pastorrek adierazi duenez. Era berean, Bizkaiko Aldundiak gomendatu du ez pasatzeko erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzen ondo-ondotik edo publizitate hesietatik gertu. Errepidez egin beharreko joan-etorriak saihesteko eskatu du, baita itsasora ez gerturatzeko ere. Euskalmetek alerta horia ezarri du olatuak lehorrerarino irits daitezkeelako gaur eta igandean.

Gutxienez astelehenera arte iraungo du denboraleak. Gaur, alerta horia ezarri dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kostan eta Ipar Euskal Herrian, haizeteengatik. Arratsalde aldera arte lehen bietan; gauera arte, Iparraldean.

Bihar okerrera egingo dute haize ufadek: baliteke haizeak orduko 120 kilometroko abiadura hartzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; alerta laranja ezarri dute goiz-eguerdirako. Nafarroan, isurialde atlantikoan, eta Pirinioetan alerta horian egongo dira arratsaldean. Berdin Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, arratsaldetik gauerdira arte.

Igandean, baretu egingo da denboralea. Euskalmetek goizaldera arte mantenduko du alerta horia ufadengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Uretako kirol jarduerak ezingo dituzte egin asteburuan, itsasorako alerta horia emanda dagoelako igande gauera arte. Bihar hiruzpalau metroko olatuak egongo dira egun osoan, eta gauean lauzpabostekoak izango dira. Igandean, 15:00ak arte alerta laranja egongo da indarrean; goizean sei metrorainoko olatuak espero dira. Gauerdira arte alerta horia egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.