Airera eginiko tiro baten kartutxo zatiak jota hil zen andrea alardean

Alarde tradizionaleko kide bat inputatu dute, emakumeari heriotza ondorio izan zuten lesio larriak eragitea egotzita

Hondarribiko alarde tradizionaleko kideak iazko desfilean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKIPRESS.
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Autopsiak baieztatu egin du Ertzaintzaren lehen hipotesia: airera eginiko tiro baten kartutxo zatiak jota hil zen Hondarribiko alardean (Gipuzkoa) ezbeharra izan zuen andrea. Emaitzak esku artean, eta heriotzaren nondik norakoak argiturik, heriotza ondorio duen lesio delitu larria leporatu diote auziagatik inputatua zegoen gizonezkoari.

Alarde tradizionaleko konpainia bateko kideek hainbat tiro egin zituzten airera, Bernart Etxepare kalean desfilatzen ari zirela. Tiro horietako kartutxoaren zati batek jo zuen zendu zen andrea, bere etxeko balkoitik desfilea ikusten ari zen bitartean. Lurrera erori eta buruan hartu zuen kolpearen eraginez galdu zuen konortea. Ospitaleratu egin zuten, eta larunbatean, bi egunen buruan, hil egin zen 65 urteko emakumea.

Hala, Ertzaintzak baztertu egin du aintzat hartzen zuen bigarren hipotesia: Bernart Etxepare kalean izan ziren tiroen zaratak ezustean harrapatu zuela andrea, eta tiro batek jota ez, izuturik erori zela hori lurrera.

Larunbatean bertan identifikatu eta inputatu zuten desfilean airera tiro egin zuen konpainiako kideetako bat, emakumeari lesio larriak eragin izana egotzita. Ikerketaren eta adituen frogen berri eman zioten orduan Instrukzioko Epaitegiari.

Zenbait daturen faltan

Hildako emakumearen arrasto biologikoak topatu zituzten kartutxoaren zatian, eta horri esker frogatu zuten Ertzaintzaren tesia. Ikerketak, baina, aurrera dirau, «zenbait daturen faltan» baitira auzitegi medikuak oraino. Gertaera berrikusteko aukera ere jarri du Ertzaintzak mahai gainean, baina ezin izango dute halakorik burutu epailearen agindurik ez dagoen artean. Hortaz, autopsiaren behin betiko emaitzak printzipioz hamar egunen buruan ezagutuko dituztela iragarri dute.

Heriotzari buruzko datuez gain, badira ikerketan argitu beharko diren beste hainbat ertz. Esaterako, inputatuta dagoen gizonezkoak erabili zituen jaurtigairik gabeko kartutxoak araudia errespetatzen zutenetz. Izan ere, Hondarribiko alardean eskopeten kartutxoak manipulatu izan dira zenbait kasutan, tiroen zarata areagotze aldera. Halako ekintzak saihesteko lanean dihardu alardearen antolakuntzaz arduratzen den Alarde Fundazioak. Hartarako, dendetako eskaintzaz gain, desfilearen egunean bertan ere jartzen ditu jaurtigairik gabeko kartutxoak parte hartzaileen eskura.

Tiro egiteko tokietatik at

Edozein kasutan, antolatzaileek ezarritako araudia urratu egin zuen inputatuak, ibilbidean tiro egiteko ezarrita dauden tokietatik at egin baitzuen tiro. Armen Plaza, parrokia eta Sainduaren gisako tokietan baino ezin da airera tiro egin. Ez dago Bernart Etxepare kalean halakorik egiterik, segurtasun arrazoiak tarteko. Kontuak kontu, gertaera argitzeko barne ikerketa abiarazi du Alarde Fundazioak.

Hondarribiko jaiak bete-betean harrapatu ditu gertaera honek, baina arin erantzun du ezbeharraren aurrean herriak. Hondarribiko Udaleko bozeramai- leen batzordea andrearen senideekin bildu zen herenegun. Hauen eskaera aintzat hartuz, jaiek aurrera jarraituko zutela erabaki zuten. Edonola, ere zenbait elkartasun keinu egin dituzte: udaletxeko banderak kentzea, igandeko pilota partidaren hasieran isilunea egitea, eta larunbat gaueko su festa bertan behera uztea. Beste hainbeste egin den txosnen batzordeak ere. Hildakoaren omenezko gutun bat irakurri zuten larunbat gauean, Ken Zazpi eta Koma musika taldeen kontzertuen aurretik.

Bestalde, hileta egin zuten atzo, ilunabarreko zazpietan, Hondarribian, hildako emakumeari azken agurra emate aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.