'Aita Mari' itsasontzia Libiako kostalderako bidean da

Ontzia bost egun barru iritsiko da bilaketa eta erreskate eremura. Hilaren hasieran abiatu nahi zuten, baina ikuskaritzek atzerarazi dute

Aita Mari itsasontzia, joan den uztailean, Pasaiako portura iritsi zenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneo itsasorantz abiatu zen atzo, Adrako (Almeria, Espainia) portutik, eta Libiako kostaldea izango du helburu. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak ohar baten bidez nabarmendu duenez, asteotan milaka pertsona itsasoratu dira Afrikako kostaldetik, gainezka zihoazen ontzietan. Aita Mari-ren intentzioa da Libia eta Italia arteko migrazio bidera bost egun barru iristea, eta bilaketa eta erreskate lanei ekitea han. Ontzia hilaren hasieran zen abiatzekoa, baina ezin izan du itsasoratu, «ikuskaritza zorrotzak» egin dizkiotelako.

Euskal GKEaren esanetan, azken asteetan Afrikako kostaldetik abiatutako migratzaile horietako asko itsasoan harrapatu dituzte, eta berriro Libiara itzularazi. Datu batzuk eman ditu: IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, herenegun 200 pertsona itzularazi zituzten, eta joan den astean, ia 1.500. IOMen zenbaketa aintzat hartuta, aurten bost ontzi hondoratu dira, eta 87 pertsona hil Mediterraneoan.

Itsas Salbamendu Humanitarioak gogoratu du Nazio Batuen Erakundeak berak salatu duela Libian ez direla errespetatzen giza eskubideak, eta erantsi du Europako Batasuna gertatzen ari denaren «konplize» dela. Hamahiru kidek osatuko dute ontziaren eskifaia. Klinika bat daukate, baita antigeno testak egiteko materiala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.