Ontzi pneumatiko batean zihoazen. Noraezean. Hondoratzear. Aita Mari itsasontziak 32 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneo erdialdean: 27 gizon eta bost emakume, haietako bat haurdun. Migratzaileetako bederazi adingabeak dira, 2 eta 17 urte artekoak. Erreskatatutakoak Boli Kostakoak, Burkina Fasokoak, Eritreakoak, Ghanakoak, Kamerungoak, Malikoak, Nigeriakoak eta Somaliakoak dira.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du Aita Mari erreskate ontzia. Hemezortzigarren misioa egiten ari da Mediterraneoan. «Ontzi oso hauskorra zen, jende gehiegi zihoan eta egunak zeramatzaten itsasoan, oso egoera gogorrean», azaldu dute Aita Mari-ko ordezkariek azken erreskateaz.
Bi egun noraezean
Ontzi pneumatikoak bi egun zeramatzan noraezean. Erreskatatu eta gero, Aita Mari-ko osasun taldeak pertsonen osasun egoera aztertu du: akidura, deshidratazioa eta hotzak eragindako sintomak dituzte. Baina Itsas Salbamendu Humanitarioak zehaztu du 32 pertsonak arriskutik kanpo daudela.
Italiako Gobernuak ezarri die migratzaileak lehorreratzeko portua: Vibo Valentia, Calabrian, Italia hegoaldean. Ondo bidean, Aita Mari bihar iritsiko da hara. «Erreskate bakoitzak berriro gogorarazten digu ezen, migratzeko edo asiloa eskatzeko bide seguru eta legalik ez dagoen bitartean, pertsona askok Mediterraneoan bizia arriskuan jartzen jarraituko dutela», ohartarazi dute Aita Mari-ko kideek.