Aita Mari erreskate humanitarioko ontziak hamahiru pertsona zeramatzan ontzi bat erreskatatu du Mediterraneo erdialdean, gaur, Italiako SAR gunean; hainbat emakume eta adingabe daude laguntza jaso dutenen artean. Txalupa noraezean zebilen, eta oso ahul zegoen, Aita Mari-ko iturriek azaldu dutenez.
Erreskatatutako pertsonak Tunisiatik eta Marokotik Europara iristen saiatzen ari ziren, antza, eta zenbait egun zeramatzaten itsasoan, iturri berak esplikatu duenez. Euskal eskifaiaren arabera, abuztuaren 14tik, ostegunetik, zeramaten noraezean, eta «deshidratazioaren, akiduraren eta zorabioen sintomak» zituzten erreskatatuek. Mediterraneoa etorkizun hobe baten bila zeharkatzen dutenen baldintza gogorren isla dira horiek, Aita Mari-ko aktibisten hitzetan.
Jarduera bizia
Hamaseigarren misioa hasi bezain pronto, joan den abuztuaren 15ean, Aita Mari ontziak bi txalupa lagundu zituen Mallorcatik gertu; txalupa batean hamabost pertsona zeuden, tartean bost haur eta hiru emakume, eta bestean 25 pertsona, tartean zazpi haur. Aita Mari ontziko eskifaiak berehala lagundu zituen, eta ura, barratxo energetikoak eta salbamendu txalekoak eman zizkieten, Cabrerako uhartetik laguntza gehiago iritsi zen arte. Orduan, ontziko pertsonak erreskatatu zituzten.
Hamaseigarren misioa lehenengoa izan da Europako migrazio itun berria ezartzeko fasea hasi zenetik. Itun horrek «Italiaren eta Libiaren arteko konplizitateak indartzen ditu legez kanpoko kanporaketetarako, bai eta ontzi humanitarioak erreskatatzeko lanak zigortzea eta kriminalizatzea ere», erreskate lanetan aritzen direnen arabera.