'Aita Mari'-k hamaseigarren misioa abiatu du Mediterraneo itsasoan

Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu du baldintzak gero eta gogorragoak direla migratzaileak erreskatatzen dituzten elkarteentzat.

'Aita Mari' itsasontzia. ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA
'Aita Mari' itsasontzia. ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA
jakes goikoetxea
2025eko abuztuaren 15a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aita Mari Castellotik (Herrialde Katalanak) itsasoratu da Mediterraneora. Hamaseigarren misioa abiatu du. Mediterraneo erdialdera jo du, migratzaileak bilatzera eta erreskatatzera.

Misio honek berezitasun bat izango du, Itsas Salbamendu Humanitarioak —Aita Mari-ren ardura duen elkarteak— nabarmendu duenez: indarrean sartuko da Europako Batasuneko Migrazio eta Asilo Ituna. «Garai kritikoa da», haien iritziz. «Legedi horrek, konponbide duinak eskaini beharrean, instituzionalizatu egiten ditu migratzaileak berehala itzultzea, atxilotze sistematikoak eta migratzaileen kontrola azpikontratatzea, baita giza eskubideak modu sistematikoan urratzen dituzten herrialdeei ere». Gaur egungo jokabide batzuk, nazioarteko legedia urratzen duten jokabideak, legezkotzat jotzen dituela salatu du Itsas Salbamendu Humanitarioak. 

Libian gertatzen dena jarri dute adibide gisa: herrialde horretako patruilek —«horietako asko Europako Batasunak entrenatuak eta prestatuak»— itsasoan aurkitzen dituzten migratzaileak Libiara bueltatzera behartzen dituzte, «eta basamortuan utzi, bizirik irauteko urik eta bestelako baliabiderik gabe». Itzultze horiek legez kanpokoak direla ohartarazi dute: alde batetik, nazioarteko legedia urratzen dutelako, debekatu egiten baitu pertsona horiek haien bizitza edo osotasuna arriskuan dagoen lekura bueltatzea; bestetik, «instituzionalizatutako muturreko biolentzia baita».

Baldintzak gero eta gogorragoak dira Mediterraneoan migratzaileen erreskatean lan egiten duten elkarteentzat eta itsasontzientzat. Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu du Europako Batasunaren eta beste herrialde batzuen araudiak —Italiarenak, esaterako— gobernuz kanpoko erakundeen lana oztopatu nahi dutela, «eta itsasoan gertatzen dena salatzen dutenen ahotsa isildu». «Hala ere», esan dute, «pertsonak arriskuan dauden bitartean, jarraituko dugu, bizitza guztiek axola baitute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.