'Aita Mari'-k ez ditu ordaindu beharko Valentziako Generalitateak exijitzen zizkion 80.000 euroak

'Aita Mari' ontzia, artxiboko irudi batean. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
'Aita Mari' ontzia, artxiboko irudi batean. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 21a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Valentziako Ekonomia eta Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio Aita Mari-ri: Valentziako Generalitateak 80.000 euroren porturatze tasak exijitzen zizkion Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeari, baina epaileek legez kanpokotzat jo dituzte tasa horiek, eta bertan behera utzi. Aita Mari ontziaren kudeatzaileek, beraz, ez dute diru hori ordaindu beharko.

Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar batean azaldu duenez, Valentziako Generalitateak 2024ko uztailean eta abuztuan igorri zizkion tasak, ontzia Burrianako eta Vinarosko portuetan lotzeagatik. Hasieran 63.000 euroko ordainagiria igorri zieten, eta gero 13.000 euro gehiago erreklamatu. Gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazi du legearen arabera irabazi asmorik gabeko erakundeen itsasontziak eta giza laguntzan aritzen direnak salbuetsita daudela tasa horiek pagatzetik.

«Giza laguntza trabatzeko eta kriminalizatzeko saio baten parte da hau, eskuin muturraren diskurtso xenofobo eta arrazistari jarraitzen diona», esplikatu dute Aita Mari-ren arduradunek. «Carles Mazonen egungo gobernuak, Voxekin sinatuta dituen itunei men eginez, gobernuz kanpoko erakundeak kanporatu nahi ditu Valentziatik, eta atzera eragineko irizpide bat aplikatu nahi izan du, tasak ordaintzera behartzeko». Likidazio horiek «legez kanpokoak» direla ebatzi du Valentziako Ekonomia eta Administrazio Auzitegiak.

Eskuin muturraren diskurtso «irrazionala, populista eta giza eskubideen aurkakoa» normalizatu izana txarretsi du erakundeak. «Diskurtso horrek gizatasuna erauzi nahi die beste kultura eta erlijio batzuetako pertsonei, eta kolokan jartzen ditu gizartearen oinarrizko balioak». «Jazarpen judizial» eta «kriminalizazio» saio horiek gorabehera beren egitekoari «tinko» eutsiko diotela gaineratu dute Aita Mari-ren arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.