Guardia Zibilak EAJ nahastu du Cerdan auzian, plazaratu duen azken txostenean. UCOren arabera, jeltzaleek zenbait izen helarazi zizkioten PSOEko Antolakuntza idazkari ohiari 2018an, Sanchezen inbestidurarako egindako negoziazioen barruan, estatuko enpresetan karguak betetzeko izenda zitzan. EAJko presidente Aitor Estebanek erabat ukatu du baieztapen hori: «EAJk ez du inongo loturarik Cerdan-Abalos auziarekin, eta ez dago hartan nahastuta».
Txostenean bildu dutenez, Cerdanek idatzi bat helarazi zion Jose Luis Abalos ministro ohiari, eta ohartarazi EAJk eskatu zuela «izendapen batzuk» egiteko estatuko enpresa batzuetan. Guardia Zibilak Javier Cachon aipatu du, Ingurumen Ministerioari loturik, beste «postu garrantzitsu bat» Adif enpresa publikoari loturik, baita INI eta SEPI enpresei lotutako beste postu bi ere. UCOren arabera, EAJk eskatu zuen izendapen horiek egiteko.
Bada, Estebanek hori guztia gezurra dela esan du gaur, Telecinco katean. «Ez dut ezagutzen Cachon jauna: ez dakit nor den ere». Eta argi utzi nahi izan du ez duela zerikusirik EAJk Cerdan auziarekin: «Ez EAJk, antolakunde gisa, eta ez nik, Rajoyren kontrako zentsura mozioaren negoziatzaile gisa 2018an, ez genuen inoiz ere izendapenez hitz egin, ez Ingurumen Ministerioari, ez Adifi, ez SEPIri loturik. Oso argi esan nahi dut hori». Estebanen arabera, UCOren azken txostenean oinarrituta «ez daiteke ondorioztatu EAJk izenak eman zizkiola Cerdani». Eta erantsi du bere alderdiak «gardentasunaren eta argitasunaren» alde egin duela beti: «Ez dugu zerikusirik auzi honekin».
Muga meategiaren baimena
Guardia Zibilaren txosten horrek Espainiako Gobernuan izan dezakeen eraginari begira, Estebanek esan du «ikusteko» dagoela «nola bukatuko duen ikerketa horrek guztiak», baina uste du «dena lehertzen bada» Sanchezek hauteskundeetara deitu beharko duela.
Atzo PPk akusazio oso larriak egin zizkion EAJri, UCOren azken idatziari egiazkotasuna emanda. Jeltzaleek «ustelkeria instituzionalizatu» dutela esan zuen Espainiako Kongresuko eledun Cuca Gamarrak. Jeltzaleen buruarentzat, «kalifikazio absurdoa» da hori: «Edozein aukera aprobetxatzen dute gure aurka jotzeko. Azal gogorra izan behar du hori esateko noiz-eta Almeriako Diputazioko presidentea eta presidenteordea atxilotu dituzten egun berean».
UCOren txostenean EAJri loturik azaltzen den hori, Javier Cachon alegia, Nafarroako Muga meategiaren proiektuari ingurumen baimena eman zion teknikaria da; hura izan zen Servinabar eta Acciona enpresen arteko lehen kolaborazioa. Cachonek gogoratu du 2019an UCOk onetsi egin zuela ingurumen baimen hori, Sanchez presidente izendatu eta urtebetera.