Gazte mugimenduak

Aitor Zelaia gasteiztarra baldintzapean aske geratu da

Otsailean atxilotu zuten. Senideek 6.000 euroko bermea ordaindu dute, Hala Bedik jakinarazi duenez.

Aitor Zelaia, lagun eta senideekin espetxetik atera berritan. HALA BEDI
2019ko uztailaren 30a
15:26
Entzun

Otsailean atxilotu zituzten Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak, biak arabarrak. Amurrion (Araba) atxilotu zuten bata, eta Gasteizen bestea. Atxiloketen ondotik, gazteak espetxeratzeko agindua eman zuen Maria Tardon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Madrilgo Soto del Realgo espetxean egon ziren hasieran, bakartuta. Martxoan, ordea, Zaragozako Darokako espetxera lekualdatu zituzten gazteak.

Hala Bedi irratiak jakinarazi duenez, Aitor Zelaia gasteiztarra baldintzapean aske utzi dute, epaiketa egin bitartean. Horretarako, baina, 6.000 euroko bermea ordaindu behar izan dute senideek. Galder Barbado gazteak espetxean jarraituko du, oraingoz.

Berri agentziek atxiloketen garaian jakinarazi zutenez, "substantzia leherkorrak, sukoiak edo su eragileak" edukitzea egotzi zien Maria Tardon epaileak. Espetxeratze horien abiapuntuan 2014. eta 2015. urteetan gertatutako zenbait eraso daudela jakinarazi zuten.

Ertzaintzak "piroteknia materiala" zeukan biltegi bat aurkitu zuen Duran (Araba), eta, esan zutenez, bi gazte horien hatz markak agertu ziren material hori gordetzeko zuten bidoi batean. Bien etxebizitzak miatu zituzten, eta beste bat ere bai Amurrioko Delika auzoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.