M-11ko atentatuen urteurrena. Angel Berrueta eta Kontxi Sanchizen heriotzak

Aitortzaren borroka

Angel Berruetaren hilketaren zortzigarren urteurrenean, haren sendiak eta Angel Gogoan plataforma sortu berriak «egia, aitortza eta ordaina» aldarrikatzen dute.

joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte, 2004ko martxoaren 11n, poliziek bildutako lehen frogek aditzera ematen zuten Madrilgo trenetan lehertutako bonben egilea talde islamista bat zela. Hauteskundeak galtzeko beldur, Jose Maria Aznarren gobernuak ETAri egotzi zion ardura. Erabaki politiko hark ondorio ugari eragin zituen, baina atalik larriena Euskal Herrian gertatu zen, Iruñean. Martxoaren 13an, Maria Pilar Rubiok ETA ez zioen kartel bat jarri nahi izan zuen Angel Berrueta Gurasoak elkarteko kidearen okindegian. Ez beste inon. Kartela egokia ez zelakoan, Berruetak ezezkoa eman, eta Rubio, haserre, etxera igo zen. Handik gutxira, senarrak, Valeriano de la Peña poliziak, eta Miguel Angel semeak labankadakaz eta tiroz hil zuten.

Zortzi urte iragan arren, gertaerak oso gertu ditu oraindik sendiak: «Etengabeko sufrimendu bat izan da, gehien maite genuena kendu egin digutelako. Ezin duzu bizitza egonkor bat berreskuratu. Beti pentsatzen duzu harekin eta egin ziotenarekin». Duintasunez mintzo da Mari Carmen Mañas alarguna, Aitziber Berrueta alaba alboan duela. Komunikabideen aurrean hitz egitea zaila egiten zaie, baina erakundeek Berruetari biktima izaera ukatzen dioten heinean, memoria aldarrikatzeko beharra dute. Aitortzaren borroka da haiena.

Asmo horretan bidelagun izan dituzte Iruñeko Donibane auzoko bizilagun asko. Otsailaren hasieran, Angel Gogoan plataforma aurkeztu zuten. Hango kide da Patxi Rey: «Auzoak beti familiari babesa agertu dio, baina ikusi genuen ez zela nahikoa». Hala, ohiko ekitaldiez gain, urte osoan ere lanean jarraitzeko erabakia hartu zuten. Benetako helburua dute Berruetarentzat «egia, aitortza eta ordaina» lortzea.

Sendiak begi onez hartu du plataforma. «Aitaren alde egiten den oro ona da guretzat. Lagundu egiten gaitu». Aitziber Berruetak esker on hitzak ditu, une zailetan bizilagunek emandako babesagatik. «Nire ama ondo dagoela ikus daiteke, baina nire ama ez da lehengo bera. Horregatik, horrelako gauzak ondo datozkio». Ororen gainetik, plataformak azaldu dien errespetua azpimarratu du. «Gurekin harremanetan daude uneoro, eta familiak egitea nahi ez duen ezer ez dute egiten».

Reyk uste du «larriena» dela Espainiako eta Nafarroako gobernuek garrantzia kendu nahi diotela hilketari eta «bizilagunen arteko liskar» batera mugatu nahi dutela. Alabaina, PPk sortutako «intoxikazio kanpaina» hura gabe, Rubio inoiz ez zatekeen espresuki Berruetaren okindegira joango ETA ez zioen pankartarekin, eta «ez balu erabaki kartela jartzea, hilketa ez zen gertatuko». Mari Carmen Mañasek azpimarratzen du gatazka politikoaren biktima izan zela Berrueta: «Estatuko funtzionario batek hil zuen, bere arma erabiliz. Ez al da biktima bat, ez al da estatu terrorismoa?».

Hilketak eragindako sufrimenduari, poliziengandik eta erakundeengandik jasotako tratuak zigor bikoitza ezarri dio familiari. Reyk gogora ekarri du, adibidez, hilotza beilatokian zenean kanpoan ziren herritarren aurka oldartu zirela poliziak. «Haien lankide bat izan zen hiltzailea, eta hura zigortu ordez, auzoa eta familia zigortu zituzten». Kaltea, ordea, ez da egun haietan egindakoa bakarrik. «Angel hil zen lehen egunetik, mehatxuak jaso ditugu, eta jasotzen ditugu oraindik ere», azaldu du Mañasek.

Omenaldia martxoaren 13an

Erakundeen aldetik, berriz, isiltasuna baino ez dute jaso. Yolanda Barcina orduko Iruñeko alkateak 2004an gutun bat igorri zien. «Besterik ez dugu jaso», dio Mañasek. Duela gutxi, udalak familiari elkartasuna helarazi zion beste gutun batean. Alabaina, zortzi urteren ondoren, egiazko borondaterik ez du ikusten Aitziber Berruetak: «Babesten bagaituzte, zergatik ez dira joan urtero egin den omenaldira?». Plataformak biharko elkarretaratzea iragarria du —Iruñeko udaletxe aurrean, 12:30ean—, eta hilaren 13an 19:30ean omenaldia egingo zaio, Martin Azpilikueta kalean.

Reyren arabera, Berruetaren eta beste biktima batzuen kasuek «hautsi» egiten dute diskurtso ofiziala. Duela gutxi, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak esan zuen biktima bakarrak ETArenak direla, baina nafar guztien ordezkari behar lukeen agintari horren gisako adierazpenak iraingarriak gerta daitezke Berrueta familiarentzat.

Are gehiago otsailaren 17an Iruñeko udalbatzan gertatutakoari erreparatuz gero. Angel Gogoan plataformak, aurretik hainbatalderdirekin hitz egin ostean, mozio bat aurkeztu zuen: Berruetaren omenezko plaka bat jartzea eta «egia, aitortza eta ordaina» azaltzea aldarrikatzen zuen. Aitzitik, Reyren arabera, PSNk eztabaidari balioa kendu zion. Hilketaren gaitzespenaren gaineko «joko politiko» bihurtu zuen auzia, Berruetari biktima izaera aitortu gabe. «Lehen aldia da udalera joaten garela, eta ikusi dugu egindako lan serioa jolas bihurtu dutela. UPNren, PPren eta batez ere PSNren jarrerak izugarri mindu gaitu».

Berruetaren emazteak eta alabak ez dute dudarik desberdin begiratzen zaiela ETAren biktimei eta beste biktimei. «Ez dugu inoiz biktima horien aurka joko. Hilketa bat da, eta sufrimendua, mina, berbera dira». Aitortzak, ordea, asko esan nahi du haientzat: «Nire aita inoiz ez didate itzuliko. Halakorik ezin dut eskatu, baina eska dezaket gatazka politikoaren biktima gisa aitortzea», azaldu du Aitziber Berruetak. «Gu zeharkako biktima izan gara, eta modu batera edo bestera bizitzen jarraitzen dugu, baina berak dena galdu zuen», dio Mañasek, malkoak begietan dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.