Agifeseko elkarrekiko laguntzako agentea

Mikel Merino: «Aitzindariak izan gara elkarri laguntzeko programa egiteko eran»

Egoera berean den batekin terapia egitearen garrantzia azpimarratu du Merinok, baita errekuperazio klinikoa eta pertsonala bereiztearena ere. Uste du buruko nahasmenduak onartuago daudela gizartean duela 26 urte baino.

Mikel Merino, Donostian. JON URBE / FOKU
Mikel Merino, Donostian. JON URBE / FOKU
Julen Urrestarazu
Donostia
2026ko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Merinori (Errenteria, Gipuzkoa, 1974) nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten duela 26 urte. Terapietako ezkortasunaz nekatuta, laguntza programa bat abiatu zuen Agifesen, buruko osasuneko arazoren bat dutenen eta haien senideen Gipuzkoako elkartean. Bederatzi urte daramatza programa horretan lanean: «Pertsona bat behar duen bezala tratatuta, eta tratatua izan daitekeen bezala tratatuta, behar duena eta izan daitekeena bihurtuko da. Begirada horrek markatzen du pertsona horren etorkizuna».

Zertan datza elkarri laguntzeko programa?

Elkarri laguntzeko programak beste ikuspuntu bat ematen du osasun mentalaren inguruan: egoera berean den batekin egoteko aukera da erabiltzaileentzat. Hamabi saio egiten ditugu bizpahiru astetik behin, eta sei hilabete inguru irauten du programak. Gainera, galdetegiak egiten ditugu, hasiera eta bukaera finkatuta. Egitasmoaren helburu nagusia da itxaropena helaraztea jendeari.

Zer behar edo gabeziatatik abiatuta sortu zenuen programa?

Hiru urtez joan nintzen Agifeseko nahasmendu bipolarreko taldeetara, eta psikologo bat eduki nuen elkartean. Psikologoari esaten nion ez zela hitz egiten errekuperazioaren inguruan, eta errepikatzen nion ea zergatik ez zuten mezu askoz baikorragoa helarazten. Orduan, psikologoak Osasun Mental Kolektiboko graduondokoaz hitz egin zidan, eta graduondo hori egin nuen. Horrez gain, osasun mentalean berdinen arteko formakuntza ere egin nuen. Saiatzen naiz buruko nire nahasmenduarekin egindako ibilbidea eta nire prestakuntza beste pertsonen zerbitzura jartzen.

«Pertsonaren ibilbideari balioa ematen diogu; epairik gabeko gune bat da, horizontala, eta egoera berean dagoen batekin hitz egiten dute»

Zer ezaugarri ditu Gipuzkoan duzuen elkarrekiko laguntzako programak?

Bazeuden proiektuak Estatu Batuetan, Kanadan, Eskozian eta Espainian, baina ez Agifesek planteatu zuen moduan. Aitzindariak izan gara egiteko eran: egitura bat, koherentzia eta helburu finko batzuk dauzkagu. Begirada erabat ezberdina dugu beste profesionalekin alderatuta: pertsonaren ibilbideari balioa ematen diogu; epairik gabeko gune bat da, horizontala, eta egoera berean dagoen batekin hitz egiten dute. Orduan, erabiltzaileek beren kezkez, erronkez, ametsez eta abarrez hitz egiten dute, inolako beldurrik gabe.

Zer soslai daukate artatu ohi dituzun pertsonek?

Gizonezkoak eta emakumezkoak berdintsu etortzen dira. Adinari dagokionez, gazteek nahiago dute guregana ez etorri. Agian kontraesana da, gazteek gehiago hitz egiten baitute osasun mentalaren inguruan; pausoa emateko garaian, ordea, zailago egiten zaie laguntza eskatzea, 30-35 urte baino gehiagokoei baino.

Arrakasta izan du programak?

Azken-aurreko saioan inkesta bat betetzeko eskatzen diegu, eta, bertan, zera errepikatzen da gehien, Agifesen egon arte ez dutela eduki egoera berean den batekin egoteko aukera. Bestalde, errekuperazioan oinarri diren hiru ataletan —autoestimua, errekuperazioa eta penak— aurrerapauso bat eman dutela onartzen dute gehienek, eta balio handia emanten diote horri.

Gaur egun, elkarrekiko laguntzako zenbat agente daude Euskal Herrian?

Gipuzkoan ni naiz elkarrekiko laguntzako agente bakarra. Beste lurraldeetako elkarrekiko laguntzako programek ez dute laguntza guk bezala ulertzen. Izen bera izan arren, beste ikuspuntu dat daukate, ez dute sustatzen eta errespetatzen elkarri laguntzearen balioa. Nire ustez, lagungarria izango litzateke beste toki batzuetan halako planteamenduak egitea, baita Osakidetzan ere. Guztiz ezberdina da egoera berean den batekin edo beste profesional batekin egotea, baina osagarriak dira bata eta bestea, psikiatrak eta psikologoak ere beharrezkoak baitira.

«Guztiz ezberdina da egoera berean den batekin edo beste profesional batekin egotea, baina osagarriak dira bata eta bestea»

Zu hasieran Osakidetzan artatu zintuzten. Zeren falta nabaritu zenuen arta horretan? 

26 urte nituenean, psikiatrarenera joan eta diagnostiko bat jaso nuenean, gertutasuna eta erantzun ugari falta izan zitzaizkidan; adibidez, zer gertatuko zitzaidan lan munduan, lagunekin, bikote moduan... Psikiatra edo psikologo batek ez du zertan hori jakin, haiek beren disziplinan baitira adituak. Elkarri laguntzeko programa hasteko arrazoi nagusietako bat izan zen aukera ematea erabiltzaileei galdera horiei erantzuna emateko: askok zalantzak dituzte beren buru nahasmendua lagunei, bikotekideari edota lanean kontatzerakoan; hortaz, egoera berean den batekin gune hori izatea oso lagungarria zaie.

Buruko nahasmenduak izatearen estigma azpimarratu izan duzu. Estigma handia da oraindik ere?

Errekuperazio pertsonala eta klinikoa bereizi behar dira. Adibidez, ni diagnostikoa jaso ondoren sendatu nintzen klinikoki, eta lanean ibili nintzen. Errekuperazio pertsonala, ordea, pertsonaren barne estigman aurrerapauso bat ematea da. Barne estigma da pertsonek onartzea gizarteak zer dioen osasun mentalaren inguruan; barneratzea norbera ez dela bere diagnostikoa, ez dela bere nahasmendua, baizik eta garrantzitsua dela, bai familian, bai familiatik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA