Etxerat-ek jakinarazi duenez, Aitzol Gogorza Otaegi Errenteriako (Gipuzkoa) presoa aske geratu da, Espainiako Estatuak kontuan hartu baitu Frantziak ezarritako eta jada beteta zeukan zigorra. Gogorzak guztira 26 urte egin ditu preso, eta azken zazpi urteetan etxean egon da, espetxealdi arinduan, haren osasun egoera dela eta. 50 urte ditu.
1999ko abenduan atxilotu zuten Frantzian, ETAko kide izatea leporatuta, eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten han. 2011n Espainiara estraditatu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2005ean ezarritako beste zigor bat betetzeko, 20 urtekoa. Ordutik, bi estatuetako zigorrak bete behar izan ditu, Espainiako Auzitegi Gorenak ez baitzion kontuan hartu Frantzian egindako espetxealdia.
Gogorza urte luzez egon da gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan. Hala ere, 2019ra arte ez zizkioten bere egoerara egokitutako neurriak aplikatu. Ordura arte, haren osasunak nabarmen egin zuen okerrera: krisialdi psikikoek ospitaleratze ugari eragin zizkioten, eta hainbatetan bere buruaz beste egiten saiatu zen. Horiek horrela, senideek eta hainbat eragile sozialek hura aske uzteko eskatu zuten, eta zenbait erakundek ere babestu zuten hori, tartean Eusko Legebiltzarrak, 2015ean.
2019an, Basauriko espetxeko (Bizkaia) Tratamendu Batzordeak espetxealdi arindua proposatu zuen, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak onartu egin zuen neurri hori. Ordutik, etxean bete du zigorra kontrol baldintzekin.
Aste honetan ere Julen Atxurra aske geratu da, hura ere Frantzian betetako zigorra kontuan hartuta. 30 urte egin ditu preso.
Etxerat elkartearen zenbaketaren arabera, 99 preso daude gaur egun, eta haietako 30 etxean daude, kontrol neurriekin. Gainerako denak Euskal Herriko kartzeletan daude bat izan ezik.