Aitzol Gogorza larriki gaixorik dagoen euskal presoak aske beharko lukeela aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrak. «Arrazoi humanitarioak» aintzat hartuta egon beharko luke libre, EH Bilduk eta EAJk adostutako testuak dioenez. Errenteriako presoa (Gipuzkoa) askatzea eskatzeko bat egin dute bi taldeok Giza Eskubideen Batzordean, eta preso diren pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko eskatu diete administrazio publikoei. Halaber, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoentzat «konponbide humanitarioak» izango dituen espetxe politika bat galdegin dute. PSEk eta PPk kontrako botoa eman diote ebazpenari.
Modu horretara, joan den maiatzean Errenteriako alkate Julen Mendozak eta euskal presoaren psikiatra Aintzane Intxaustik egindako eskaera bere egin du legebiltzarrak. Orduan, presoaren egoera larriaz ohartarazi eta haren askatasunaren aldeko ebazpen bat onartzeko galdegin zioten ganberari. EH Bilduk biharamunean bertan erregistratu zuen legez besteko proposamena. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu du euskal presoaren osasun egoera muturrekoa dela, eta aldiro ospitaleratu behar izaten dutela. Izan ere, Gogorzak gaitz larria du —nahasmendu obsesibo-konpulsiboa, sintoma psikotikoekin nahastuta— eta espetxe barruan haren osasun egoerak okerrera egin du, «atzeraezin» bilakatzeraino. Bere buruaz beste egiten saiatu da maiz.
PSEren eta PPren jarrera salatu du Arzuagak legebiltzarreko saioan, gogoratuta larunbatean Errenteriako Udaleko alderdi guztiek euskal presoa askatzeko galdegin zutela manifestu batean. Ebazpena aho batez onartu ez izana deitoratu du, berriz, EAJko Iñigo Iturratek, eta PSEri «ausardiaz» jokatzeko eskatu dio: «Giza eskubideak unibertsalak dira eta kasu guztietan defenditu behar dira». PSEko Patxi Elolak, bestalde, bere taldearen jarrera defenditu du argudiatuz alderdiaren «jarrera ofiziala» legedia eta epailearen erabakiak onartzea dela eta kontuan hartu behar dela Gogorza «ETAko kide izateagatik eta legea urratzeagatik» dagoela kartzelan. PPko Carmelo Barrioren ustez, berriz, «beldurgarria» da EAJk eta EH Bilduk halako akordioetara sarritan iristea.
Askasibar, libre
Bixente Askasibar preso bilbotarra aske utzi zuten atzo, zortzi urteko espetxe zigorra osorik bete ostean. 18/98 sumarioan zigortu zuten, Enpresak atalean. 74 urte dauzka eta Topaseko (Salamanca, Espainia) espetxean egon da preso. Adinagatik eta osasun arazoengatik Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskatu izan du, baina ez dizkiote eskariak kontuan hartu.
Amaiurrek, bestalde, presoen zigorrei buruzko Europako araudia ez betetzearen arrazoiez galdetu dio Espainiako Gobernuari. Koalizioak jakin nahi du zer dela-eta ez dion Madrilek bidali Europako Batzordeari honek eskatutako informazioa. Izan ere, hirugarrenez eskatu dio Europako Batzordeak Espainiari 2008ko araua betetzeko eta presoei Frantziako espetxeetan betetako urteak murrizteko.
Donostiako epaitegi batek, aldiz, bertan behera utzi du Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) 2014an Harrera elkarteari emandako 2.500 euroko diru laguntza. Laguntza horrek udal eskumenak urratzen zituela argudiatu du epaitegiak.
Aitzol Gogorza presoa aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Gaixotasun larria duenez presoa «arrazoi humanitarioengatik» libre uztea galdegin dute EH Bilduk eta EAJk.PSEk eta PPk, aurkako botoa eman, eta epailearen erabakiak errespetatzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu