Akordio bat, zatituak elkartzeko

EHUren Udako Ikastaroetan mahai inguru bat antolatu dute alderdi politikoetako ordezkariekin, eta galdera baten bueltan aritu dira, nagusiki: lortu daiteke akordiorik polarizazio garai betean?

Mahai inguruan parte hartu duten ordezkari politikoak. GORKA RUBIO / FOKU
Mahai inguruan parte hartu duten ordezkari politikoak. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2026ko uztailaren 3a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lortu daiteke adostasunik polarizatutako gizarte batean? Sina dezakete akordiorik bi etsaik? Makina bat iritzi egonen dira galdera horien gainean, segun eta bakoitzarentzat zer den etsai bat, segun eta zer harreman posible irudikatzen den harekin. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan, hain justu, bi eguneko jardunaldi bat antolatu dute atzo eta gaur, eta krisi demokratikoaz, polarizazioaz eta akordioez aritu dira solasean, bertzeak bertze. Hitzaldi andana egin dute bi egunez, eta mahai inguru pisutsu baten bidez biribildu dute gaur hitzordu sorta: Perspectivas desde la política (Politikatik sortutako ikuspegiak). Bortz ordezkari politiko aritu dira solasean: Eraitz Saez de Egilaz Ramos (EH Bildu), Luke Uribe-Etxebarria Apalategi (EAJ), Pau Blasi Uribarri (PSE-EE), Mikel Lezama Zubeldia (PP) eta Miren Etxebeste Gurrutxaga (Ahal Dugu). 

Ados zeudela ematen zuen hasieran: guztiek onartu dute polarizazioak baldintzatutako testuinguru batean dagoela euskal gizartea. Alta, hortik aitzinera, bakoitzak bere ikuskera defendatu du. Saez de Egilaz EH Bilduren ordezkariak, erraterako, bi termino bereizi nahi izan ditu hasieratik: konfrontazioa eta polarizazioa. «Gure gizartean eta gure politika egiteko moduetan, parlamentuan, konfrontazioa existitzen da, baina errespetuz eta den-dena arrazoituz aritzen gara, eta horrela bakarrik aritu beharko genuke». Gainera, iritzi dio alderdi politiko bakoitzak bere proposamenak izatea eta bere ikuspegia defendatzea «normala» dela; are, «beharrezkoa» dela, «ezinezkoa baita gizarte osoa beti elkarrekin ados egotea». Desadostasunak, baina, kudeatzen jakin beharra dago: «Ezin dugu gure errealitatea Madrilgoarekin konparatu. Han ikusten den konfrontaziorik ez da ikusten hemen, eta eskerrak, zeren horrexek ekartzen du despolitizazio gehien». 

Ariketa bat egitea proposatu du Saez de Egilazek: «Zerk desberdintzen gaituen pentsatu beharrean, pentsatu beharko genuke zertan egon gintezkeen ados. Ziur denok daukagula zerbait komunean, eta atalen batean, txiki-txiki batean bada ere, adostu dezakegula zerbait». Etxebeste Ahal Dugu-ko ordezkariak ere «beharrezkotzat» jo ditu akordioak, baina, haren irudiko, «oso-oso zaila da ados jartzea gizartea erabat polarizatuta baldin badago». Edonola ere, sinistuta dago bere alderdikideak «etengabe» ari direla akordioak erdiesten saiatzen, «ariketa demokratikoaren izenean».

Ahal Dugu, EH Bilduren kontra

Apal hasi da Etxebeste, baina hitza berriz hartu duenean eztenkada zorrotza bota dio EH Bilduko ordezkariari: «Legegintzaldiaren hasieran EH Bildu akordioak oztopatzen saiatu zen, eta polarizaziora bultzatu gintuen», salatu du. Ahal Dugu-k koalizio abertzalearen asmoei kontra egin ziela esplikatu du, eta horregatik lortu zuela EH Bildu frenatzea. Ez hori bakarrik: akordioen gainetik «interesak» jartzea aurpegiratu die subiranistei, eta «pobreak» seinalatu izana botoak lortzeko. «Hori polarizazioaren tresna bat da», gehitu du. «Hau ez da oasi bat. Ez da Madrilen eta Europaren hain desberdina».

Beste ahots bat batu da eztabaidara: Uribe-Etxebarria, EAJren ordezkaria. Ez da Etxebesterekin ados agertu, eta azaldu du Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian euskal kultura politikoa «solidoa eta egonkorra» dela. Are, baieztapen hori arrazoitzeko bortz argudio zerrendatu ditu. Bat: Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian «oso zaila» da gehiengo absolutua lortzea, eta horregatik sortu behar dira, halabeharrez, koalizio gobernuak. Bi: gobernua osatzen duten alderdien eta oposizioaren artean elkarrizketarako «gogoa eta borondatea» dago. Hiru: gizarteak, gainera, eskertu egiten du elkarrizketa hori, akordioak ateratzen direlako hortik. Lau: alderdi politiko guztiek dauzkate, edo izan dituzte, ardurak instituzioetan. Eta bortz: euskal gizarteak «nortasun propioa du». Horrek guztiak eragiten du, Uribe-Etxebarriaren irudiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartea polarizaziotik urruntzea. 

Blasi PSE-EEko ordezkariak baietz erran dio Uribe-Etxebarriari, elkarrizketak eta akordioak beharrezkoak direla, baina gobernuak «erantzun» egin behar duela. Eta ez gobernuak bakarrik, «baita oposizioko alderdiek ere». Izan ere, alderdi politikoek erantzun ezean «indar autoritarioak» sortzen dira. «Demokraziarekin konpromiso bat baldin badugu, herriarekin ere bai. Gure eginbeharra da herritarrak entzutea, eta irtenbideak bilatzea». 

Etsaiaren zilegitasuna

«Badakizue zein den, nire ustez, politikagintzan daukagun arazorik larriena?», abiatu da Lezama, Alderdi Popularreko ordezkaria. «Etsaiari, etsai izateagatik bakarrik, zilegitasuna kentzen diogula edozer esateko edo egiteko». Gibelera egin du memorian, eta salatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «beldur handia» pasatu dutela herritarrek, «terrorismoagatik, adibidez». Eta hortik datozela haiek, «arerioaren kontrakotasun posizio horretatik». Aipatutako «mina» ulertzen duela erran du, baina salatu bazterkeria «normalizatzen» ari dela, eta hori ez dela demokraziaren neurrian kabitzen. 

Hitza eskatu du, segidan, Saez de Egilazek, eta azpimarratu akordioek ezin dutela baztertzaileak izan. Adibide bat jarri du jarraian: «Oso positiboki hitz egiten dugu Europaz eta haren demokraziaz, baina duela gutxi handik iritsi zaigun migrazio plana lotsagarria eta etsigarria da. Guk ez dugu halakorik onartuko, demokraziaren izenean iritsi baldin bazaigu ere». Botere judiziala handitzen eta legegilea txikitzen ari dela salatu du, eta horri aitzin egiteko politika publiko indartsuak sortu behar direla esplikatu. «Hori, baina, akordioen bidez baino ez dugu lortuko; elkarrekin hitz eginez eta eztabaidatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA