Gaur hasi eta ostegunera arte egitekoa zen ongietorrien auziko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina akusatuen defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrek —PP, Dignidad y Justicia eta AVT— akordio bat erdietsi dute. Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio ez dira sartuko espetxera: bi urteko zigorra adostu dute, baina bertan behera utzi dute espetxealdia. Akusatuek ontzat jo dute tratua, «Euskal Herriko konponbide prozesua blindatzeko» balio duelakoan.
Instrukzioa amaitzearekin batera, fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu zituen sei lagunentzat: hiru urte eta sei hilabete «erakunde kriminal bat zuzentzegatik» eta bi urte eta hilabete bat «biktimak umiliatzearen delituagatik». Eta are eskaera gogorragoak egin zituzten hiru akusazio partikularrek. Dignidad y Justicia elkarteak eta PPk sei urteko zigorrak eskatu zituzten «erakunde kriminal bateko» kide izateagatik, eta bi urte eta zortzi hilabetekoak «biktimen umiliazio eta gorazarre delitu jarraituengatik». AVTk hiru urteko zigorra eskatu zuen bigarren delitu horregatik.
Azkenik, baina, hiru aldeek bi urteko espetxe zigorra adostu dute. Zehazki, sei hilabeteko zigorra eta isuna adostu dute biktimen umiliazio eta terrorismoaren gorazarre delituagatik, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eta inhabilitazioa talde kriminal bat zuzentzeagatik. Horrez gain, hiru urteko inhabilitazio berezi bat ezarri zaie hezkuntzan aritzeko, eta Kalera Kalera-ri lotutako materiala auzitegiaren esku geratuko da: Kalera Kalera-ren webgunea, Kalerainfo aldizkaria eta horiei lotutako sare sozialetako profilak ixtea adostu dute —itxita daude instrukzio garaitik—.
Espetxe zigorra, baina, bertan behera geratu da. Trukean, akusatuek konpromisoa hartu dute «indarkeriaren erabilerari lotutako» ekintzetan ez parte hartzeko, ezta ETAren biktimak umiliatu ditzaketen edo ETAren gorazarre egin dezaketen ekintzetan ere. Auzitegi Nazionala arduratuko da hurrengo hiru urteetan halakorik egiten ez dutela baieztatzeaz, Jose Ricardo de Pradak zuzendutako epaimahaiak adierazi duenez.

Akusatuak Sortuko Kizkitza Gil de San Vicenteren eta Nuria Alzugarairen, eta EH Bilduko Gorka Elejabarrietaren eta Marije Fullaondoren babesa jaso dute goizean. Iritsiera lasaia izan dute, begirada gehienak Madrilgo Villa de Paris plazaren beste muturrera zuzendu baitira. Aurrez aurre daude Auzitegi Nazionala eta Gorena, eta azken horretan deklaratu dute gaur Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkari eta ministro ohiak eta Koldo Garciak, haren aholkulari izandakoak.
Auzitegiaren barruan, laburra izan da auzi saioa. Defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrek berretsi egin dute adostutako akordioa, eta akusatuek onartu dute euskal presoen harrera ekitaldien antolaketan parte hartu zutela, eta horrek «biktimen umiliazioa» eragin zuela. De Pradak irakurritako testuaren arabera, ekintza horiek «mina eta umiliazioa» eragin zizkien ETAren biktimei.
Behin auzia itxita, Altunak adierazi du «aurrera egiteko bidea irekita» utzi dutela akordioarekin. Izan ere, prozesuaren nondik norakoen kontra azaldu da Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduraduna, harekin «Euskal Herria iraganera» eraman nahi izan delakoan: «Guztiz tokiz eta garaiz kanpo egin den epaiketa honekin, eskubide zibil eta politikoetan eta oinarrizko printzipio demokratikoetan atzera egiteko saiakera bat egon da».
Ohar bidez, Sortuk sei auzipetuen rola defendatu du, eta Altunak esandakoaren bidetik, nabarmendu du azken hamarkadan «bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egindako urratsak» epaitzea eragotzi dutela akordioarekin.
Norabide horretan, alderdiak ezkerreko independentismoak azken urteetan hartutako norabidea defendatu du: «Elkarbizitza eraikitzeko eta, ahal den neurrian, biktimen mina arintzeko konpromisoaren erakusle da akordio hau». Bide horri eusteko asmoa azaldu du, eta horretarako «konponbide prozesua bultzatu» behar dela adierazi. Hor kokatu dituzte biktima guztien aitortza eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeko lana.
Zazpi urtez luzatu da
Gaurko auzi saioa motza izan bada ere, horraino iristeko bidea luzea bezain korapilatsua izan da. 2018ko martxoan atxilotu zituzten Lopez Ruiz, Garmendia, Olatz Dañobeitia eta Miren Zabaleta, eta ia bi urte geroago, 2020ko urtarrilean, Lopez Ruiz eta Garmendiaz gain, baita San Vicente eta Altuna ere, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio aretoak aginduta. Orduan jakin zen presoei 2016tik 2019ra bitarte egindako 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen zietela, Kalera Kalera dinamika eta beste gizarte mugimendu batzuk baliatuz. Gerora, kopurua aldatu zuen Manuel Garcia Castellon instrukzio epaileak, esanez 2016tik 2020ra bitarte 120 ekitaldi inguru antolatu zirela. Oinarrian, Guardia Zibilak egindako txosten bat zegoen.
Hark proposatu zuen ikertutako hamabost lagunetatik sei epaitzea, argudiatuta «modu sistematikoan» antolatu zituztela «presoak omentzeko ekintzak». Halere, instrukzioan tirabirak izan ziren Garcia Castellonen eta fiskaltzaren artean ere. Epaileak bost aldiz luzatu zuen hura, 2023ko urriaren 29ra arte. Seigarren luzapen bat ere egin nahi izan zuen epaileak, baina azkenean gogoz kontra itxi zuen instrukzioa, iazko apirilean, Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak aginduta. Epez kanpo egon arren, Garcia Castellon instrukzioa luzatzeko prest azaldu zen, PPren eta Dignindad y Justiciaren eskaerei men eginda. Zehazki, Sorturen eta Sare Herritarraren Telegram kanal batzuk aitzakia gisa erabilita, kide gehiago auzipetzeko asmoa azaldu zuen. Haren iritziz, horietan euskal preso eta iheslariekin lotutako aferen inguruko «jarraibideak eta arauak» zabaltzen ziren, eta beste sei hilabete luzatu behar zen instrukzioa, horiek ikertzeko.
Ikusi gehiago
Hirugarren Zigor Salak erabaki horren kontra egin zuen, «oinarri juridikoak falta» zirelakoan, eta «irizpide aldaketa erradikal» bat egitea leporatu zion epaileari. Carlos Garcia-Berro fiskala are zuzenago mintzatu zen, eta adierazi zuen Garcia Castellon «ikerketa prospektibo bat» sustatu nahian ari zela. «Ez da delitua euskal herritarra izatea; ez da delitua presoa izatea; ez da delitua elkarrizketatzea; ez da delitua bakoitza nahi duen norabidean aritzea politikoki», adierazi zion fiskalak epaileari bere idatzian.
Sortuk, berriz, «jazarpen judizialeko estrategia» baten pean kokatu zuen auzia, zigor eskaeren berri izan zuenean. «Justiziaren erabilpen politikoaren, hau da, lawfare-aren beste adibide bat da», esan zuen orduan Altunak. Bi argudio erabili zituen horretarako. Batetik, presoen harrera ekitaldiak «iraganeko kontua» direla, azken urteetan ez baita halakorik antolatu. Bestetik, halako ekimenen kontra aurkeztu izan diren salaketak «banan-banan eta sistematikoki» artxibatu izan direlako auzitegietan.