Auzipetuek «talde antolatu bat» osatzen dutela eta «indarkeria» erabili zutela lanak geldiarazteko. Horra akusazioak eta fiskaltzak behin eta berriro nabarmendu nahi izan duten ideia, Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketaren lehen saioan. Gaur abiatu da Baztango zazpi herritarren aurkako prozesua, Iruñeko Zigor Aretoko 3. Epaitegian.
2021eko apirilean, Aroztegia hirigintza proiektuaren lanak oztopatu zituen herritar talde batek Lekarozen (Baztan, Nafarroa): hondeamakinen aurrean jarri, bideak itxi eta hirigintza proiektuaren lanak geldiarazi zituzten. Talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzen diete zazpi auzipetuei, eta derrigortze eta bortxa delituak egin izana. Hori dela eta, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete, orotara.
Saioa hasi aurretik, epaiketa ateak itxita egitea galdegin du akusazioak, epaitegiaren kanpoaldean akusatuen aldeko elkarretaratze bat antolatua zegoelako, eta «istiluak» sor zitezkeelako. Defentsaren abokatuek argudiatu dute akusazioak «auzipetuen aurkako giro bat» sortu nahi izan duela, «lekukoentzako arriskua dagoela iradokiz». Epaileak atzera bota du eskaera, ez baitu ikusi inongo arriskurik ez lekukoentzat ez beste inorentzat. Hala ere, telematikoki deklaratzeko aukera eman die lekukoei.
Guardia Zibilaren testigantza
Atestatua idatzi zuten bi guardia zibilak izan dira deklaratzen lehenak. Adierazi dute salaketak jaso zituztela «makinei eginiko kalte materialengatik eta langileek jasotako irain eta mehatxuengatik». Hala ere, aitortu dute eurek ez zituztela auzipetuak identifikatu, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak baizik, oinarritzat hartuta «Youtubeko eta tokiko hedabideetako bideoak», besteak beste. Zehazki, esan dute «ezker abertzaleari lotutako pertsonak» identifikatu zituztela, Aroztak ekinaldiak 2021eko apirilean Lekarozen eginiko kanpaldiko bideoak ikusi eta gero.
Hedabideetan elkarrizketak ematea edo Aroztegiko proiektuaren aurkako mugimenduaren izenean hitz egitea, hori ere erabili zuen Guardia Zibilak, auzipetuak identifikatzeko tenorean. Bi agenteek esan dute ez zutela egiaztatu Internetetik hartutako bideo horiek noiz grabatu ote zituzten: salatutako gertakarien egunean bertan ala beste edozein egunetan: «Salaketa jarri zutenek esandakoen arabera jarri genituen datak».
Defentsaren abokatuek zalantzan jarri dute prozedura, eta nabarmendu dute identifikazio gehienak 2021eko apirilaren 8an eta 9an egin zituztela, Lekarozko kanpaldia hasi baino astebete lehenago eta kalte material larrienak gertatu aurretik.
Guardia zibilen esanetan, gainera, Aroztegiaren aurka mobilizatu ziren herritarrek «indarkeriaz» jardun zuten, era antolatuan. «Ez zuten jokabide pasiboa erakutsi: makinen aurka oldartu ziren, eta arriskuan jarri zituzten langileak. Talde antolatua osatzen zuten, oposizio zibil oro antolatua baitago». Guardia zibiletako batek onartu du Aroztegiaren aurkakoek eginiko ekintzetako batzuk «justifikatuta» egon zitezkeela «desobedientzia zibilaren» ikuspegitik, baina gaineratu du desobedientzia zibila «baketsua» izan beharko litzatekeela: «Uste bazuten obra horiek legez kanpokoak zirela, bazuten salaketa aurkeztea».
Enpresen txanda
Guardia zibilen ostean, lekuko gisa deklaratu dute Palacio de Arozteguia luxuzko hirigintza eta turismo proiektuaren sustatzaileek eta obretan aritutako enpresen ordezkariek. Palacio de Arozteguia SM enpresaren eta UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Planeko konpentsazio batzordearen izenean hitz egin du Salvador Urbistondok. Esan duenez, lanak hasi ziren egunean —2021eko apirilaren 6an— «zenbait pertsona» sartu ziren Aroztegiko eremura, proiektua gelditzeko eskatuz: «Egoera horiek ugaritu egin ziren apirilaren 6tik 8ra bitartean. Taldea gero eta handiagoa zen, eta hobeki antolatua».
Urbistondok ere bat egin du akusazioaren argudio nagusiekin; hots, proiektuaren aurkakoek «talde antolatu bat» osatzen zutela eta «indarkeria» erabili zutela: «Lanak sabotatu zituzten, makinak puskatu, ateak blokeatu... Pertsonei ere mehatxu egin zieten. Langileak ikaratuta zeuden. Niri neuri ere mehatxu egin zidaten».
Lehen egunetan obretara protesta egitera joandako herritar horien artean, auzipetu bakar bat ezagutzen zuen Urbistondok lehendik. Aitortu du gainerakoak identifikatu zituela Guardia Zibilak erakutsitako irudien eta obren arduradunak emandako informazioaren bidez. Estu hartu dute defentsako abokatuek: «Zuzenean ikusi al zenuen nola kentzen zituzten seinaleak?». Ezezkoa eman du proiektuaren sustatzaileak: «Gertakariak ez, ondorioak soilik».
Bertsio bertsua eman dute Jose Mari Martin Otxandorena obretako arduradunak eta lanetan aritutako beste behargin batzuek ere. Tex eraikuntza enpresako langile izandako bat, ordea, aldendu egin da kontakizun horretatik: adierazi du ez zuela mehatxurik jaso, ez zuela bere burua arriskuan ikusi, eta obrak geldiarazteko modua «baketsua» izan zela.
Eztabaida itzulpenaren kontura
Epaiketan, bestalde, berebiziko garrantzia izan du euskarak. Hasieratik, argi gelditu da akusazioko abokatuek, fiskalak eta epaileak berak ez dutela euskarazko hitzik ulertzen, eta horrek eragina izan du froga gisa aurkeztutako txostenetan. Defentsak salatu du euskaratik gaztelaniara eginiko itzulpen gehienak «oso traketsak» direla. Lekukoetako batek esan du, adibidez, auzipetu batek aginduak ematen zizkiela besteei euskaraz. «Baina zuk ulertzen al zenuen esaten zuena?». Erantzuna: «Ez, baina ikusten nuen akusatuak zerbait esaten zuela, eta besteek men egiten zutela».
Epaiketak segida izanen du bihar, eta ostiralera arte iraungo du.